https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Moonshine Wagon eta Jo&Swissknife taldeen boloa, maiatzaren 4an, Helldoradon

Moonshine Wagon taldea, 2016ko irudi batean./E.C.
Moonshine Wagon taldea, 2016ko irudi batean. / E.C.

Kontzertua 23:00etan hasiko da, baina aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte

PAUL PICADO

Moonshine Wagon gasteiztarren eta Jo&Swissknife iruñearren boloa izango da maiatzaren 4an Helldoradon. Kontzertua 23:00etan hasiko da, baina aretoko ateak ordubete lehenago irekiko dituzte. Talde gasteiztarrak azken lana atera berri du, 'Straight From The Mud' izeneko eta hori aurkeztera etorriko da. Sarrerak ohiko lekuetan eros daitezke: Interneten (9 euro, kudeaketa-gastuak barne hartuta) edo leihatilan (10 euro). Bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte.

Moonshine Wagon taldea Gasteizen sortu zen 2013ko udazkenean. Hasiera batean bi kide ziren, baina 2016. urteko ekainean Muddy Roots Europe jaialdian jo zuten eta han hirugarren kidea ezagutu zuten. Bere musika estiloa katalogatzea zaila da, baina batik bat bluegrass eta punk akustikoa bateratzen ditu.

Musika-tresna asko jotzen dakitenez, kontzertuetan folk amerikarraren ohiko instrumentuak eta gitarrak, mandolinak, banjoak, harmonikak, biolinak, kontrabaxuak eta perkusiozko instrumentuak tartekatzen dituzte.

2015ean lehen lana kaleratu zuten, 'Folk You!' izenekoa, eta Europatik eta Estatutik bira eginez aurkeztu zuten. Besteak beste, Frantzia, Italia, Suitza, Alemania, Belgika eta Holandan ibili dira kontzertuak ematen. Esan bezala, Gasteizera azken lanarekin etorriko dira.

Bestalde, Jo&Swissknife taldea Iruñeko boskotea da, 2014. urtean sortutakoa. 2015. urtean lehen lana kaleratu zuten eta horri esker, ehun kontzertu baino gehiago eman zituzten nazioarteko blues eta country jaialdietan. 2016an bira eman zuten Espainia, Frantzia, Belgika, Alemania eta Suitzatik. Hirugarren lana atera berri dute, 'Unwanted' izenekoa, eta kolaboratzaileen artean Moonshine Wagon taldea bera dago.

Temas

Euskera