https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mohamed Xukri eta Agatha Christie-rekin joango da Igela Durangoko Azokara

Mohamed Xukri eta Agatha Christie-rekin joango da Igela Durangoko Azokara
Pedro Urresti

Marokoar idazlearen trilogia autobiografikoko hirugarren liburua euskaratu du Arantzazu Royo Manterolak

AMALIA IBARGUTXI

Hiru berritasun eta bi berrargitalpen plazaratu ditu Igela argitaletxeak Durangoko Azokari begira. Batetik, Mohamed Xukriren trilogia autobiografikoko azkena ('Aurpegiak') eta Agatha Christieren beste bi lan ('Bost txerrikume' eta 'Etxe bihurria'); eta bi liburu hauen edizio gaurkotuak, agortuta baitzeuden: Dashiell Hammett-en 'Uzta gorria' eta Henry Jamesen 'Koxka bat estuago'.

Arantzazu Royo Manterolak euskaratu du Xukriren 'Aurpegiak'. Hain zuzen ere, bera da arabieratik euskarara itzul dezakeen bakarra. Trilogiako aurreko bi lanak 'Ogi hutsa' (2010) eta 'Hutsegiteen garaia' (2014) izan ziren.

Bizimodu oso gogorra izan zuen Mohamed Xukrik (1935-2003). Marokon, Rif eskualdean jaio zen, eta berak zazpi urte zituela familiak Tangerrera emigratu zuen, goseak eraginda. Hamaika urte zituela, ihes egin zuen gela bakarreko bere etxe hartatik, eta kalean bizitzen hasi, droga, indarkeria eta prostituzio giroan hazi zelarik. Hogei urte zituela alfabetatu zen, kartzelan zegoela.

1966an publikatu zituen lehen lanak: artikuluak eta narrazio laburrak. Hurrengo hamarkadan nazioarteko ospea lortu zuen, Paul Bowlesek ingelesera itzuli zionean lehenbiziko liburua, gero euskaraz 'Ogi hutsa' izenburua hartuko zuena.

Trilogia gordina idatzi zuen, sexu gogorreko eta biolentzia gogorreko pasarte asko zekarrena. Horregatik, hainbat urtetan zehar publikatzeko debekua jaso zuen Marokon.

Hirugarren emaitza hau, Arantzazu Royo Manterolaren esanetan, «atzera begirako bat da, eta, nobela baino gehiago, narrazio laburren katea» da. Aurreko bi liburuetan baino heldutasun gehiago eta amorru gutxiago ageri du Xukrik.

Bestalde, Igelak Agatha Christieren beste lan batzuk publikatu ditu: 'Bost txerrikume' eta 'Etxe bihurria'. Ainhoa Ederrek euskaratu ditu eta, honenbestez, idazle ingelesaren hamar liburu ditu bere bilduman Iruñeko argitaletxeak.

Bestalde, aspaldi agortuta zeuden bi liburu berrargitaratu ditu Igela etxeak: Dashiell Hammett-en 'Uzta gorria' eta Henry James-en 'Koxka bat estuago'.

Hammett-en 'Uzta gorria', zenbaitentzat, nobela beltzaren benetako aitzindaria da. Hau eta bere beste liburu ospetsu batzuk, hala nola 'Maltako belatza', 'Kristalezko giltza' eta 'Gizon argala', 1930. hamarkada hasieran idatzi zituen.

Bestalde, Igela etxeak Henry James-en 'Koxka bat estuago' argitaratu du berriz ere. Lehenbiziko aldiz, 1993an publikatu zuen Joseba Urteagak euskal bertsioa, eta oraingoan goitik behera berritu du. Lehenengo hartan, jatorrizko testuari guztiz atxikita jardun zuen Urteagak, eta oraingoan «librexeago jokatu» du, hitzaurrean dioenez.

Hau da, ziur aski, Henry Jamesen (1843-1916) maisulanen artean ezagunena, itzuliena eta miretsiena. Aditu zenbaitentzat, sekula idatzitako izu-ikarazko nobelarik ederrena da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos