https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Miss Karaoke' antzezlana izango da gaur, Gasteizen

'Miss Karaoke' antzezlana./Sarea
'Miss Karaoke' antzezlana. / Sarea

Emanaldia Jesus Ibañez de Matauko antzokian izango da, 20:30ean

PAUL PICADO

'Miss Karaoke' antzezlana izango da ostiralean, Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Hegoalde gizarte-etxean, 20:30ean. Pez Limbo eta Metrokoadroka konpainiak arduratu dira ekoizpenaz, eta antzezleak Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Iñaki Ziarrusta dira. Emanaldia euskaraz da, eta sarrerak erosi nahi izanez gero, antzokiko atean bertan eros daitezke 19:30etik aurrera, 6 euroan. Aldez aurretik erreserbatu nahi badira, helbide honetara idatziz eska daitezke: metrokoadroka@metrokoadroka.eus.

Antzezlan honetan, Miss Karaokeri ekitaldi handi batean kanta bat presta dezan eskatzen diote, eta hainbat zalantza izaten ditu, izan ere, ekitaldi handia da eta zer kanta abestuko duen, zer hizkuntzatan eta bestelakoak erabaki behar du. Ez daki jende asko ala gutxi egongo den, eta beraz, urduri jartzen hasten da. Umorea, absurdoa eta performancea tartekatzen dira obra honetan, eta testua Oier Guillanek idatzia da, 'Dramaturgia berriak' izeneko deialdiaren barruan.

Pez Limbo 2011. urtean abian jarri zen Gasteizko konpainia da eta dagoeneko 11 ikuskizun egin ditu. Bere lan propioak ekoizten ditu, eta, besteak beste, umorea, garraztasuna eta poesia bateratzen ditu bere ikuskizunetan. Bestalde, Metrokoadroka konpainia 2008. urtean sortu zen Oiartzunen. Hainbat arte diziplinetan aritzen da, eta bere helburua arte eszenikoak eta arte plastikoak tartekatzen dituzten proiektuak sortu eta hedatzea da.

Oier Guillani dagokionez, idazlea, kazetaria eta antzerkigilea da, eta hainbat liburu kaleratu ditu poesia eta antzerkiaren arloan. 2008. urtetik Metrokoadroka konpainiako kidea ere bada.

Temas

Euskera