

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Heldu da! Bagara hemen liburuaren eguna ospatzeko gogoz eta izan dira duela bi hilabete eta erdi irakurketa datuak, edo beste era batera esanda, irakurzaletasuna neurtzeko asmoz egindako galdeketaren emaitzak. Eta lehen begiradan badirudi geure buruak eta gazteak txalotu beharrean garela.
Espainiako Kultura Ministerioak zabaldu zituen Irakurketa Ohitura eta Liburuen Erosketa datuen arabera, 14 eta 24 urte arteko gazteak dira bere aisialdian gehien irakurtzen dutenak, %75,3. Iaz baino ia bost puntu gehiago eta gizarte osoaren neurritik ia hamar puntu gorago. Zorioneko gara! Eta zorioneko gara euskaldunak ere Espainian orokorrean %65,5 baitira irakurzaleak eta Euskadin %69,4. Txapeldun! Tira, baina ez hainbeste, Madrilen aurretik dagoz, %72,1 da han irakurzaleen ehunekoa, hoberena. Gu, bigarren. Eta, hau ez da lasterketa bat esango du norbaitek. Ala bai? Lasterketa edo lehiaketa legez bizi ote dugu zenbakiak tarteko direnean eta liburuak zokoratzen ditugunean begia datuetan jarriz batez ere?
Baina zorioneko gara! Ikerketak gazteek irakurtzen ez dutelako mitoa apurtzen omen du, berriro, 14 eta 24 urte arteko gazteen %75,3 irakurzalea da. Baina, horiek nahitaez irakurri behar dutelako izango da, esango du hainbatek susmabera. Ezetz ba! Aisialdian irakurtzen dutenen kopurua da hori. Hara! Eta hemen da txanponaren beste aldea ere. Ezen, nori deritzogu irakurzale? Bada ikerketa honetan, egunero eta astero irakurtzen dutenen neurria (%51,2), hilero eta hiru hilabetero irakurtzen dutenekin (%14,3) batuz osatu duten multzoari. Hala ere, fidagarriak ote dira datuok? Izan daiteke honenbesteko aldea urtebetean? Badira zalantzazko iritziak. Kezkati ageri direnak irakurketa ikerketa eta egiaren artean, edo errealitatearen artean. Egia da iaztik datuek hainbat egin dutela gora, batez ere Euskadin, irakurzaleen kopurua %67,8 izan baitzen 2023an, oraingoan baino 1,6 puntu gutxiago. Aldiz, 2022 eta 2021eko datuetara joz gero aldea ez dela horrenbesterako ikus genezake, 2021ean %68,2 baitzen irakurle kopurua eta 2022an berdin. Alde nabaria 2023ko datuekiko da beraz, ez horrenbeste 2021edo 2022koekiko. Horregatik azaldu ziren albisteen izenburuak hain ezkor duela urtebete: «Euskadi desciende al cuarto puesto entre las comunidades que más leen». Gehien irakurtzen genuenen taldean ginen oraindik, ligan, baina ez horrenbeste.
Beste alde batetik, Espainiako Argitaletxeen Elkarteak (FGEE) egindako ikerketatik argitaratzaileek ondorioztatzen zuten arabera, irakurketa adin nagusiak ez zirenen artean ez zuen izan aldaketa handirik azken urteetan, baina 15-18 arteko nerabeen artean jaitsiera izan zen 2022ko emaitzekiko 2019ko datuekin berdinduz. Daniel Fernández FGEEko lehendakariak iaz esandakoaren arabera, Espainiako hezkuntzak Bigarren Hezkuntzan arazoa zuen, aldi horretan nabari baita irakurketa baztertzeko joera telefono mugikorren alde. Aurton ordea, azpimarratzen du ia komunitate guztiek hobetu edo eutsi egin diotela irakurketa mailari: «el esfuerzo de las comunidades autónomas está permitiendo incrementar el porcentaje de lectores en todas ellas, lo que nos debería ayudar a reducir la desigualdad territorial que nos ha caracterizado hasta ahora». Eta gazteen irakurketan jartzen zuen itxaropena, duela urtebete ez bezala: «Es la población española entre 14 y 24 años la que se muestra más lectora, con la esperanza de que este país se ha incorporado definitivamente a los países lectores». Eta bai, inoiz baino liburu gehiago irakurri eta erosten dira, Espainiako argitalgintzan emaitzek gora egiten omen dute. Baina argi-ilunak dira honetan ere. Euskadiko Argitaletxeak larri ageri ziren 2024ko udaren hasieran Espainian liburu salmentek gora egiten zuten artean Euskadin okerrera egin zutela nabari zelako, hizkuntza guztietako salmentek apur bat gora egin dutenean gutxituz eta gehiago igo direnean gutxiago igoz. Egoeraren aurrean euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko irakurle komunitate bat garatu eta hezteko helburua duen ekimen bat jarri dute abian Euskal Editoreen Elkarteak, Gerediaga Elkarteak eta Elkarrek kultur eragile eta sustatzaileen iritzia jaso nahian. Ez dakigu oraindik, ez zaigu ageri ondorioz nolako iritziak bildu diren, zein izango den aurkeztuko den ekarpena. Baina zain gara. Gogo biziz zain.
Irakurzaletasun datuak jaso eta egun gutxira izeko bat ikustera joan nintzen, trenez. Igo bezain laster leku bila hasi zitzaizkidan begiak bizkor. Jesarri eta irakur liburua zabaldu nuen. Emakume gazte bat igaro zen nire ondotik eta pasabidearen bestaldean eseri, leiho ondoko tokian. Hark ere liburua atera zuela ikusi nuen betertzetik. Baginen bi. Bururatu zitzaidan orduan hori zela irakurzalearen egungo irudi nagusia, ez ni, hura baino: emakumea, gaztea, goi-mailako ikasketaduna, hiri girokoa eta urtean gutxienez hamar liburu irakurtzen dituena. Ez dakit zer irakurtzen ari zen: fikzioa ala fantasia; eleberria ala filosofia. Bost axola! Ikuspegi hark leihoaren bestaldean txondortzen ari ziren hodei ilunen zeru ertza lasaitu zidan eta lotura gozoan besarkatu gintuzten burbuila barean legez inguruko larriduratik babestuta.
Irakurzaletasun datuek aspaldi honetan biztu duten kezka ezer inoiz irakurtzen ez duen herritarren herenak eragindakoa da. Ez irakurtzearen arrazoia askoren esanetan astirik eza da. Kultura ministroak horren aurrean ihardetsi du asteko lanorduen murrizketak irakurketaren alde egin dezakeela astirik eza aipatzen dutenen aurrean, ordu parea irabaziko luketelako aisialdirako. Ez dakit, zalantza dut. Nire lagun batek dio, irakurtzen ez duten askok ez dagitela, ez astirik ez dutelako, nahi ez dutelako baino, edo tarte horietan telefono eramangarriaz jolasean ari direlako.
Izekoarenetik itzultzean, metroa hartu behar nuen, hogei minutu gero berriz trenaz lotzeko. Bagoia beterik, eta gehienak telefonoa eskutan. Ni, Francisca Aguirreren ipuin laburrak irakurtzen. Pasabidearen beste aldean emakume bat telefonoz hitz egiten ozen. Une batez, ohartu nintzen berari bezain ondo entzuten niola telefonoaren bestaldetik hitz egiten zionari eta horrek nahasi eta artegatu egiten ninduela. Ez nuela nik zertan beste inorena zen elkarrizketarik entzun behar. Ezin nintzela nire irakurketan bildu. Metrotik jaitsitakoan, otu zitzaidan, aukeran, hurrengo batean neu hasiko nintzela eskuetan nuen liburua ozen irakurtzen bagoiko guztien mesedetan. 'Que planche Rosa Luxenburgo'.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.