Borrar
Urgente Un accidente entre 4 vehículos provoca retenciones en La Avanzada y Rontegi
Territorios

Gune publiko eta pribatuetan irakurtzen

Miren Billelabeitia

Sábado, 24 de mayo 2025, 00:00

Udaberriagaz eta liburu egunaren inguruan, apirilak 23an, hainbat herri eta hiritako kale zein auzoetan zabaldu dira liburu feria eta azokak. Liburu-dendek beren liburuak hartu eta kalera atera dituzte, erakusgai eta ikusgai jarri dituzte. Hilabete lehenago, udaberriaren etorrerarekin bat eta argi zein eguzki printzen epeltasunaren babesean ugaritzen hasten den ekimena dugu neguan, udan zein udazkenean antolatu badira ere. Kontua da, apiriletik aurrera, eta batez ere maiatza-ekainean hedatuz doazela liburuak, handiak eta txikiak kale eta lorategietan. Enparantza eta parkeetan etxetxo poxpolinak sortzen direla etengabe, batzuk bere teilatutxo gorri eta guzti eta liburuek beren urteroko bidaiari hasiera ematen dietela; etxe, ikastetxe, liburu-denda eta liburutegietako apaletatik jauzi egin eta beraien orrietan irudi eta hizki mordoa bildurik bidegurutze arteko ibilbideetara. Begi aurrera ateratzen zaizkigu. Barrualdeko toki pribatuetatik lagunarteko eta herriarteko guneetara bulkada hartuz.

Aurreko batean, duela urte batzuk irakasle nintzen ikastetxera joan nintzen aspaldiko lagun eta lankideak ikustera. Haietako batek, aspaldiko urteetan ikasle izan nuen irakasle egin baino arinago, esan zidan barreka: «Joandako egunean ikasle batek esan zidan irakurketa solasaldien asmatzailea ikusi zuela parkeko banku batean irakurtzen; zu zinen». Barre itzelak egin genituen biok «asmatzaile» hitza errepikatuz. Baina gero, handik irtendakoan, gogoratu nuen zein atsegina den niretzat egun argietan kalera atera liburu bat zorroan daramadala eta erosketaren bat eta besteren artean, egunkaria eta ogiaren artean, nonbait jesarri eta liburua zabalduz minutu batzuk ematea poema bat irakurtzen atsedenean egoteko edo eleberri baten jarraipena eginez burua arintzeko. Aiko ba! Beste batzuek meditazioa egiten dute. Ni ez naiz gai, ez dut inoiz lortu. Aukeran, liburua zabaldu eta olerki baten bertso artean galtzen uzten dut nire irudipena. Horrek gogorararazi dit zenbat maite dudan liburu bat eskura izan eta tarteka-marteka orrialderen batzuk irakurtzea egiten ari naizen lan astunean atseden hartzeko. Zein atsegina den niretzat trenean zein autobusean edo metroan, leiho ondoan jarri eta orrialdeetako lerroen hitzetan begirada jartzea, eta bidaia luzea balitz, hobeto. Kafetegietako mahai bakartietan, kafea ondoan dudala irakurtzen ematea une batzuk, leiho ondoan bada hobe. Polikiroldegian ariketa-bizikletan ekinean nabilela poesia liburua zabaldu eta olerkiren bat irakurtzea nekaduraren mugak gainditu eta izerdiaz ahazteko. «Poesia irakurlea» esaten zidaten garai batean harritutik beste kirolari saiatuago batzuek. «Zoroa» ere bai ziur asko baten batek. Auskalo. Ile-apaindegian ilea atontzeko zain nagoela olerki gogorarazleak begiz jarraitzea. Inoiz ile-apaintzaileari ere irakurri izan diot baten bat bertsoaren edertasunari eutsi ezinik. Irakurzalea da berau ere, baina ez oso olerki zalea. Aukeran nahiago du ipuina edo eleberria. Bere senarra bai, hori olerki zalea da, eta alaba ere bai. Trukatu izan ditugu irakurketa gomendioak ile-apaintzailea bitartekari dela.

Leku publikoetan irakurtzea. Ingurukoak mugikorraren leihotxo argiztatuari begira dauden artean izaro ote naiz ni, uharte bakartia agian. Ez nuke nahi, bitxi xamarra ematen dudan arren, eta ez dut ukatuko trenean zein metroan noala ez dudanik ingurura begiratzen nire antzera liburuak altzoan zabalik duenari adi. Ahizpak aurkitu izan ditut horrelakoetan.

Gune publikoetan… Horrelako hasieradun izenburua zuen ekintza artistiko ahakaria etorri zait burura bat-batean. Itziar Okarizek 2000-2004 inguruan aurkeztu zuen 'Mear en espacios públicos o privados' eta 2014an Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean 'Una habitación propia. VW Berrirakurtzen'. Itziar Okarizen akzionismoa giza soinaren hizkuntzaren inguruan ari da, nortasuna garatzen duten xedatzaile ideologiko ezarri legez. Okarizek ekintza xumeak garatzen ditu eta sotil zein agerikoan, gizarte konbentzionalismoak kolokan jarriz. Arazo honetan garrantzitsu iruditzen zaidana da ohiko egoeratan, eremu etxekoi edo pribatuan egin ohi den ekintza, txiza egitea, ageriko gunera daramala artegileak: New Yorkeko zubi ospetsuan, plaza eder bateko iturri baten aurrean, beribil baten gainean, kalean, arte guneren batean… Ez da berdin, jakina, ekintza etxe giroko bakardadean egitea, ala gauez egin, gau ilun eta bakartian gizonezkoen eremu izan ohi den gune batean; gizonek ekintza bera gune agerikoan egin dutenean batere deigarritzat jo ez den jokabidean aritzea. Arte ekintza honekin Okarizek erantzun zuzena eragin zuen, horren atzetik zebilela esango nuke, eta emakumeentzat ere aldarrikatu zituen gehienetan gizonezkoen mende ikusi ditugun eremu zein jarrera ohikoak, guztiz ahaikatzaileak badira ere.

Horrela, eremu ageriko ala barnekoietan irakurtzean ere, ustez egoera bakarti, barnekoi eta sarritan pribatuan dagigun ekintza, gune ageriko eta herritarrera daramagu. Ekintza ez da hain zirikatzailea izango, ezta erasokorra ere, baina bai deigarria agian, ezohikoa; baten batek bere ibileran, egurastean, geldiune bat egin eta begira-begira geratzeko modukoa. Bada barne gogoetan egin ohi den ekintza, lagunarteko arlora eramaten ikusten ohituta ez gauden jarrera geroago eta ohikoago egitea eremua ikastetxea edo liburutegia ez izan arren. Bada kale eta enparantzak erdiestea irakurketarako. Lotsarik gabe aritzea ohiko ez den jardueran ohiko ez den tokian, eremu publiko eta agerikoetan irakurtzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Gune publiko eta pribatuetan irakurtzen

Gune publiko eta pribatuetan irakurtzen