https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Miren Agur Meabe idazlea eta Eraul musikaria, gaur, Arriagan

Miren Agur Meabe idazlea eta Eraul musikaria./
Miren Agur Meabe idazlea eta Eraul musikaria.

Irakurketa musikatua eskainiko dute Bilboko Antzokiko foyerrean

EL CORREO

Literatura eta Musika Euskaraz zikloak proposamen berria aurkeztuko du gaur astelehenean, eta Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra eta Eraul musikari donostiarra (Asier Beramendi) elkartuko ditu Arriaga antzokiko foyerrean.

«Inor gutxik espero zezakeen hitzordu artistiko horietako baten aurrean gaude. Ezusteko topaketa zoragarria. Hitz propioek bere kantuetan aurkeztutako lurraldeez gain bestelakoak ezagutzeko grinari so eginez, Asier Beramendi Miren Agur Meaberen idatziez baliatuko da doinu eta zubi berriak eraikitzeko, batek daki nora heltzeko eta Arriagako foyerrera bertaratzen direnak gozarazteko», adierazi dute Arriagako arduradunek. Izan ere, Bilboko antzokiak eta Udaleko Euskara Sailak sustatzen dute ziklo hau.

Ikuskizunena egituratzerako orduan erreferente izan dituzte, batetik, Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' liburua eta, bestetik, taula gainean gitarraz lagunduta agertuko den Eraulen 'Iraultza eta Burgoña' diskoa. Haiekin batera ariko dira Maria Bustos (txeloa), Ilargi Agirre (bateria) eta Mikel Agirrezabalaga (teklatua).

Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude hemen, 12 eta 15 euro artean, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Literatura-sorkuntza, itzulpengintza...

Miren Agur Meabe Plaza (Lekeitio, Bizkaia, 1962ko urriaren 7a) euskal idazlea da. Derioko Irakasle Eskolan ikasi zuen eta Giza Zientzietan espezializatu ostean, Euskal Filologiako ikasketak egin zituen. Bilboko Kirikiño ikastolan hainbat urtez ibili zen irakasle, eta 1990 urteaz geroztik Giltza-Edebé argitaletxean argitalpen zuzendaritzako eta kudeaketako lanetan ere aritu zen. Egun, literatura-sorkuntzan, itzulpengintzan eta idazkuntzari lotutako jardueretan ari da buru-belarri. Idazle gisa, arlo bitan da ezaguna: poesian eta haur eta gazte literaturan. Landu ditu beste genero batzuk ere: ipuingintza eta eleberria, adibidez.

Asier Beramendik demo bat grabatu zuen 2014ko maiatzean Suediako Göteborg hirian. 2014an bertan Kutxa Kultur Musikarako hautatu zuten bere proiektua eta Gazteszenan jotzeko aukera izan zuen. Hurrengo urteetan taldea osatu zuen eta diska pare bat atera zituen; zehazki, Eraul (2015, autoekoizpena) eta Iraultza (2017, autoekoizpena) lanak.

Gauzak horrela, aipatutako emanaldiez gozatu nahi baduzu, hurbildu zaitez gaur arratsaldean Bilboko Arriaga Antzokira.