https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra, gaur, Eztabaidak Literaturarekin ekimenean

Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra./
Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra.

'Literatura eta irakaskuntza' izenburuko saioa 19:30ean hasiko da, eta literaturaren eta irakaskuntzaren artean dagoen harremanean jarriko du arreta

EL CORREO

Eztabaidak Literaturarekin ekimenaren beste saio bat antolatuko du gaur asteartean Bilboko Udalak, eta, eta Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederra idazleak elkartuko ditu Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. 'Literatura eta irakaskuntza' izenburuko saioa 19:30ean hasiko da, eta literaturaren eta irakaskuntzaren artean dagoen harremanean jarriko du arreta. Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea izango da moderatzailea.

Gonbidatutako idazleen esperientzia pertsonalean oinarrituta, solasaldiak hainbat gai planteatuko dituela gogorarazi dute antolatzaileek: literaturaren irakaskuntza eskola eremuan, haurtzaroa markatzen duten lehenengo testuak, eskolako eta familia giroko irakurketak, gazteen artean literaturarako interesa eta gogoa pizteko modu egokia, edo pertsona gisa hazteko literaturak duen garrantzia.

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) Euskal Filologian lizentziatua eta Irakasle ikasketetan diplomatua da. Bere lan gehiena poesiaren eta haur eta gazte literaturaren inguruan egin du. Euskadi Haur eta Gazte Literatur Saria lortu zuen 2002an, 2007an eta 2011n, 'Itsaslabarreko etxea', 'Urtebete itsasargian' eta 'Errepidea' lanekin, hurrenez hurren, eta euskaraz idatzitako poesiaren Kritika Saria 2001ean eta 2011n, 'Azalaren kodea' eta 'Bitsa eskuetan' lanei esker. 2007an Lauaxeta Saria irabazi zuen, eta 2012an Rosalía de Castro saria, literaturaren munduan izandako ibilbidearengatik. 'Kristalezko begi bat' (2013) bere azken liburuak Bilboko Liburu Azokaren Zazpikale saria lortu zuen.

Bestalde, Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) Filologia Espainiarrean lizentziatua eta Euskal Filologian doktorea da. Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filologia Fakultatean, eta Fonologia klaseak ematen ditu bertan. 1999an bere lehenengo eleberria argitaratu zuen, 'Eta emakumeari sugeak esan zion', Espainiako Literatura Sari Nazionalerako aukeratua, eta, besteak beste, 1999ko Kritikaren Saria eta 2000ko Euskadi Literatur Saria irabazi zituen. 2005ean, 'Anderson anderearen gutizia' ipuina argitaratu zuen Gutiziak bilduman. 2013an kaleratu zen bere bigarren eleberria, 'Intemperies'. Lourdes Oñederraren lana ingelesera, errusierara eta italierara itzuli da.

Ineresdunek, beraz, 'Literatura eta irakaskuntza' izenburuko saioaz gozatzeko aukera izango dute 19:30ean.