Mireia Gabilondo zinemagileak zuzendutako 'Erlauntza' ekoizpena azaroan estreinatuko da
Haurtzaroko lagun talde baten nondik-norakoak ditu ardatz filmak
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 15 urria 2020
Mireia Gabilondo zinemagileak zuzendutako 'Erlauntza' ekoizpena azaroan estreinatuko da zinema areto ezberdinetan. Tentazioak eta Acronica ekoiztetxeek produzitu dute komedia kutsuko lan berri hau. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jorratu du ekoizpenaren soinu banda. Abestiaren gidaritzapean Fernando Velázquez orkestra zuzendaria egon da. Bertan aktore uzta oparoak esku hartu du, hala nola, Aitziber Garmendiak, Sara Cozarek, Getari Etxegaraik, Naiara Arnedok, Itziar Atienzak edota Leire Ruizek.
Haurtzaroko lagun talde baten nondik-norakoak ditu ardatz filmak. Lagunak landetxe batera egun batzuk igarotzera joango dira, haietako baten ezkongabe-agur jaia ospatzeko asmoz. Baina, txikitatik erlazio paregabea izan bazuten ere, urteek ez dute edonolako mesederik egin lotura estu horretan. Hortaz, lehendabizikotan asteburu zoro eta ezinhobe bat izateko zena, ezinegon batean bilakatuko da, hainbat gauza gertatuko baitira: trapu zikinak, sekula esan gabeko gauzak, aitorpenak, alkohola eta drogak eta erlauntza misteriotsu bat.
Lanaren ekoizlea Fernando Bernues izan da. David Bernues eta Xabier Lozano, aldiz, argazkigintzaren zuzendaritzan ibili dira, eta, Kepa Errasti gidoigile lanetan. Era berean, obraren arte zuzendaritza Ana Turrilasek gidatu du.
Ekoizpena Fikako (Bizkaia) landetxe batean grabatu zen uda honetan. Lanak euskarazko eta gaztelaniazko bertsio bat izango du. Film luzearen grabaketa lanak hamalau egunetan burutu zituzten aurtengo uztailean.
Ekoizpen honen gidoiak antzerkigintzan du jatorria. Izan ere, duela bi urte eskas Dramaturgia Berriak izeneko programan gai hori hizpide zuen antzezlan bat sortu zuten, Euskal Herriko antzerki areto ezberdinetan arrakasta ikaragarria izan zuena. Hori dela medio, zazpigarren artera eramatea erabaki zuten.