Mirari bat
Noizean behin mirariak gertatzen dira. Galtzen duzu diru zorroa kalean eta jabetzen zarenean biluzik sentitzen zara. Ez duzu bertan diru askorik, bai ordea agiri guztiak, nortasun agiria, gida baimena, kiroldegiko txartela, kreditu txartela… Pentsatze hutsak hotzikarak eragiten dizkizu, aurreikusten duzu hamaika dei, beste hainbat ilara bulegotan zenuena berreskuratzeko bakarrik.
Eta bat-batean udaltzaingotik deitzen dizute eta esaten dizute eskura dutela zuk aldameneko hirian galdutakoa, justu nortasun agiria birlortzeko hitzordua eskatua duzunean. Mirari bat: txartel guztiak zorroan daude, baita dirua ere. Bada oraindik munduan pertsona zintzorik, pentsatzen duzu diru-zorroaren bila zoazenean.
Ateratzen zara etxetik goizean goiz eta autoa hartzerakoan antzematen duzu gidariaren aldean atzamarkada baino gehiago den urradura. Finkatzen dituzu begiak bertan eta jakin badakizu zauria ez zegoela hor bezperan. Orduan ikusten duzu beira-garbigailuan harrapatua papertxo bat. Izen abizenak dituen norbaitek idatzi du berak egin ziola hori zure autoari, nahi gabe, noski. Eta bi telefono zenbaki idatzi ditu ondoren, finkoa eta mugikorra. Mirari bat, batez ere istripua gauez gertatu zelako, kalean inor gutxi zegoen orduan.
Entzuten duzu boterean dagoen politikari bat honetan edo hartan hanka sartu duela aitortzen, oker zegoela eta arerioak zuela arrazoi, itzulingururik gabe, hitzez hitz eta beste mirari baten aurrean zaude. Harri bitxi bat aurkitu duzu zabor artean.
Bai, batzuetan edonoren bizitzan mirariak gertatzen dira, agian ez gizarteari buruz duzun iritzi ezkorra zuritzeko adinakoak, baina bai gutxienez egun osoan irauten duen irribarre bat marrazteko gauza direnak. Mirari bat gertatu bada, beste bat ere gerta daiteke, agian ez gaur edo bihar, baina bai etorkizun hurbilean.