https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal sukaldaritza, Minnesotarako bidean

Minnesotako ikasleak /
Minnesotako ikasleak

Datozen hilabeteetan Euskadiko ikasleak ere Minnesotara joango dira, eta Estatu Batuetako ziklo industrialetako ikasleak ere Euskadira etortzea aurreikusten da

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Jakina da euskal sukaldaritzak ospe handia duela nazioartean. Eskaintza gastronomiko handia dugu, eta hori, zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da gure lurraldea helmuga turistiko bilakatzeko. Kalitatezko giro horretara hurbiltzeko helburuarekin, asko dira urtero Euskal Herrira hurbiltzea erabakitzen duten sukaldari eta ikasleak. Azken asteetan, esaterako, Minneapoliseko South Central College institutuko Ostalaritza ikasle talde batek abisitatu digu, prestakuntza gure Lanbide Heziketako Ostalaritza zikloetan osatzeko helburuarekin.

Bi irakasle lagun izan dituztela, 15 ikasle estatubatuarrek bertatik beratara ezagutu dituzte euskal gastronomiaren alderdirik nagusienak. Gainera, Euskadiko egonaldi honetan, beste zenbait jardueraren artean, ikasle hauek gazta nola egiten den edo artisau txokolategintza ezagutu dituzte. Hori nahikoa ez balitz, Donostiako Cebank-eko eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleekin batera ere aritu dira sukaldeko lanean eta euskal gastronomian ohikoak ditugun produktuak erabiltzen ikasi dute. Nazioarteko zenbait plateretan erabiltzen diren sukaldaritza teknikak planteatu dituzte ere bai.

Ikasleak, praktika egiten.
Ikasleak, praktika egiten.

Bisitak jarraipena izango du

Zenbait urteko elkarlanaren ondotik, 2016an Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Minnesotako Gobernuko Hezkuntza kantzilerrak akordioa sinatu zuten, nork bere ikasleen prestakuntza indartu eta aldatzeko helburuz. Akordio horri esker, besteak beste, Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleek Minnesotako prestakuntza praktikak bertatik beratara ezagutzeko aukera izan dute, baina baita alderantziz ere, Ipar Amerikako irakasleek ere Euskadiko Lanbide Heziketa bisitatu baitute berriki.

Egun hauetan ikasle amerikarrek gure artean egin duten bisitak jarraipena izango du datozen hilabeteetan, esperientzia hau beste lanbide arlo batzuetara zabalduz. Euskal ikasleek Minnesotako Lanbide Heziketa bisitatzea aurreikusten da, eta aldi beran, arlo industrialeko beste ikasle talde amerikar batek ere Euskadiko Lanbide Heziketa bertatik bertara ezagutuko du.

Temas

Euskera