https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mini-etxeak

Oso gogorra izan daiteke adindun batzuentzako euren etxebizitzak uztea. /
Oso gogorra izan daiteke adindun batzuentzako euren etxebizitzak uztea.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Denboraren joanak jakituria ei dakarkigu bai eta bakardadea eta mugikortasun eza ere. Adindun askok barrera arkitektonikoei aurre egin behar diete euren etxetik ateratzeko, eta aldats egiten zaienez, gero eta gutxiago kaleratzen dira. Gainera, alarguntasunak etxearen espazioa handitzen du. Seme-alabak emantzipatuta, eta ohearen beste aldean, hutsune mingarri eta hotza.

Hori dena aintzat hartuz, Eusko Jaurlaritzak barrera arkitektoniko gabeko mini-etxeak eskainiko dizkie adinduei. Mini-etxe horiek ororen zerbitzuak izango dituzte, saloiak eta garbitegiak besteak beste. Europako iparraldean zerbitzu horiek arreta medikoa, erizaindegia, gimnasioa, liburutegia, jantokiak eta abar dira. Hemendik ere, poliki-poliki, badoaz zabaltzen horrelako urbanizazioak, gehienak, hori bai, ekintza pribatuak sustatuak badira ere.

Eusko Jaurlaritzaren proposamena interesgarria izan daiteke; gainera, mini-etxe horien alokairua oso garestia izango ez denez, eta adinduek euren pisuak Bizigune programan jarri behar dituztenez, ekonomikoki ere abantailatsu dirudi. Hala eta guztiz ere, badakigu zein gogorra izan daitekeen pertsona batzuentzako euren etxebizitzak uztea, metro karratu horietan oroitzapen asko gordetzen dituztelako. Baina bizirik gauden bitartean aprobetxatu behar dugu eta, zeharka bada ere, etorkizunari begira. Carmen Martín Gaitek zioen bakardadea desiratzen dutenak bakardadea sufritzen ez dutenak direla. «Baina begi-bistan dago gizakiok gauzak eta esperientziak partekatzeko beharra dugula», mantentzen zuen idazleak.

Bakardadea eta autonomia, sozializazioarekin konbinatzea formularik aproposena da hainbat pertsonarentzat. Mini-etxe horiek askatasunaz bizitzeko aukera eskaintzen dute, baina bakardadea uxatuz. Zerbitzu gehiago eskaintzeko ahalegin bat egin beharko lukete erakunde publikoek pentsatzen dut nik. Orain dela gutxi abian jarri duten proiektuari eutsi eta indartu. Aukerak eman. Adinduek ere aukerak merezi dituztelako. Behar hori azpimarratzea hutsalkeria dirudi, baina ahazten zaiguna gogoraraztea ezin da izan, inondik ere, hutsalkeria bat.

Temas

Euskera