https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mina mina, ez

Mina mina, ez
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Aurreko igande goizean molestia bat sentitu nuen masailean. Astelehenean mina areagotu zen eta asteartean esnatu nintzenean aurpegia handituta nuela ikusi nuen. Dentistarenera joan nintzen eta, nik sumatzen nuen moduan, infekzio bat zela esan zidaten. Amoxicilina errezetatu zidan eta ortopantomografia bat egitera bidali ninduen. Nire aurpegia ikusita, mina eduki behar nuela pentsatu nuen, baina autonomoa naizenez, ez dut minik sentitzen eta lanean jarraitu nuen. Liburu bat irakurri eta kritika bat idazteko beharra neukan. Agian, liburuaren egileari ez zion mesederik egin nire egoerak: umore txarrez nenbilela nabaritzen nuen (umore txarrez, ez minarekin, aizue), eta horrela zaila da irakurketarekin gozatzea. Ortopantomografia hitzaren esanahia ulertu ostean, hortz-inplanteei buruz aritu zitzaidan, bai eta aurrekontua zein izango zen ere zehaztu zuen. Autonomook autonomoen kuota, BEZa eta abar ordaindu eta gero ez dugu, normalean, inolako alaitasunik izaten kontu korrontean; hortaz, nire umoreak ez zuen hoberantz egin.

Noiz ulertuko du Gizarte Segurantzak aho-hortzetako osasuna kapritxo estetiko bat baino gehiago dela. Hagin bat gaizki baldin badago, kentzen dizute, baina hori besterik ez. Endodontziak, inplanteak eta abar beharrezkoak ez dira, antza. Amorratuta nabil, egia esan. Hainbeste zerga ordaindu gaixorik izateko eskubiderik ez izateko, eta osasun publikotik at gelditzeko. Gainera errenta deklarazioa ez zait oso ondo atera aurten… Baina hau guztia azaltzen dut zergen alde nagoela esateko. Ironia barik. Sistema hobetu dezakegu, egia da, baina, nire ustez, ezin dugu bide honetatik atera. Politikari batzuek zergak jaitsiko dituztela esaten dutenean beldur naiz, mezu populista horren atzetik estaldura publikoa ahultzeko borondatea baino ez dagoelako. Eta horretan pentsatzen dudanean, umorea erabat trakesten zait. Zergak ezinbestekoak dira, baina presio fiskalak ezin du gutxien duten herritarrak ito. Logikoa dirudi. Dena den, oker ibil naiteke: mina-mina ez dut autonomoa naizelako, baina molestia urduri txiki bat agian bai. Agian. Eta horrek ez du laguntzen ideiak ordenatzen.

Temas

Euskera