https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

4 milioi euroko dirulaguntza banda zabala hedatzeko lurralde guztira

Diru hori erabiliko da hain lurralde zabala eta balizko bezero gutxi izateagatik beren sareak hedatzeko interesik ez duten telekomunikazio operadoreak sustatzen

I.AGOTE

Gobernu Kontseiluak onarpena eman die Arabako Lurralde Historikoko herriguneetan eta zonalde sakabanatuetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko dirulaguntzaren deialdiari eta oinarri-arau orokorrei. 2015ean gobernua eratu zenetik, Arabako Foru Aldundiak beharrezkoa iritzi dio herritarrek eskubidea izateari Interneterako konexio azkarra eta segurua izateko, ekonomia baldintza berdinetan, eguneroko jarduerak edo administrazio izapideak egin ahal izan ditzaten; eta asmo hori betetzeko, 2.000.000 euro bideratuko ditu, 2018an, eta beste 2 milioi gehiago, 2019an. Diru hori erabiliko da hain lurralde zabala eta balizko bezero gutxi izateagatik beren sareak hedatzeko interesik ez duten telekomunikazio operadoreak sustatzen.

Horiek horrela, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saila lanean ari da Arabako lurralde osoan Europako Agenda Digitalak 2020rako ezarritako bi helburuak bete daitezen: belaunaldi berriko banda zabala (gutxienez, 30 Mbps) herritar guztien esku jartzea eta 2020an herritarren % 50ek 100 Mbps baino gehiagoko abiadura ultrabizkorreko banda zabaleko zerbitzuak kontratatuta izatea.

Konektibitatea hobetze aldera, Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du, ekonomia eta euskal industria lehiakorrago bat egiteko eta, herrietako biztanle kopurua gorabehera, pertsona guztiek konektibitate aukera berak izateko.

Hala ere, Arabako herrigune ugari sakabanatuta egoteak Euskadiko gainerako lekuetan baino zailago bihurtzen du banda zabaleko zerbitzuak hedatzea, Araban. Horregatik guztiagatik, Arabako etxebizitza guztietara hel dadin, Arabako Foru Aldundiak aurrekoaren osagarri eta batera, dirulaguntza deialdi hau egin du, zeinen helburu den antzeko programetan parte hartu ez duten Arabako Lurralde Historikoko herrigune sakabanatuetan, gutxienez, 30 Mbps-ko abiaduran konektatzea ahalbidetzen duen banda zabalaren zerbitzua garatzea.

Horiek horrela, gogoratu behar dugu administrazio publikoek hedapen horiek diruz lagundu ditzaten, balizko herrigune onuradunek “Zona zuri” katalogazioa izan behar dutela. Zona zuri dira belaunaldi berriko banda zabalaren sarerik izan ez eta etorkizun hurbilean halakorik izateko aukera handirik ez duten tokiak. Hiru urteko epeari esaten zaio etorkizun hurbil.

Horren harira, Estatuko Idazkaritzak, Informazioaren eta Agenda Digitalaren Elkartearentzat (SESIAD) 2017an argitaratutako datuen arabera, adierazten du arabarren % 14,43 zona zurietan bizi dela Arabako Lurralde Historikoan eta horrek Arabako biztanle unitateen ia % 90 hartzen dituela. Gaur egun, herrigune handiek, hala nola, Gasteiz, Laudio eta Amurriok, baino ez dute banda zabala.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos