https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Merli bezalako tipo umoretsu eta limurtzailea naiz»

Merli irakaslea./E. C.
Merli irakaslea. / E. C.
Francesc Orella - Aktorea

Francesc Orella gaur gauean ETB1n hasiko den telesail arrakastatsuko protagonista da

IZASKUN MOYANO

Langabezian egotearren etxegabetu berri duten Merli da ETB1eko telesail berrian protagonista nagusia. Filosofiako irakasle xelebre hau amaren etxera itzuli beharko da, 16 urteko semea bere gain hartuta. Egun batetik bestera Merliren bizitza guztiz aldatuko da bere umeak ikasten duen institutuan lan egiteko proposamena luzatzen diotenean. Bertan irakasteko era berezia martxan jarri eta hezkuntza sistemari aurre egingo dio. Tipo askea, kritikoa eta lizuna da. Hala ere, Francesc Orellak (Bartzelona, 1957) oso gustuko du pertsonaia interpretatzea. «Bera bezalako gizon umoretsu eta limurtzailea naiz», onartu du barrez.

Aktore kataluniarra oso pozik aritu da nerabeekin lanean. Aita ona izan ez den arren, karisma handidun irakasle bitxiaren rola hartu behar izan du bere ikasleak motibatu eta laguntzeko; hauen artean bere semea. 'Hildako olerkarien klub'-eko Keaton maisuaren antz handia du, baina Orellak aitortu bezala «ez naiz inondik inspiratu Merli haragitzeko». Biziki gogoratzen ditu ordea, egun den aktore bikaina izateko bidea erakutsi zioten pare bat. Hala eta guztiz ere, «txikitatik izan dut bokazioa».

Hastapenetan furgoneta batean herririk herri boloak egiten ematen zituen egunak Orellak. Egun ordea, Katalunian fenomeno bihurtu den telesaileko protagonista da. Estatu mailan Atresmediaren eskutik La Sextan emititu izan dira lehendabiziko atalak eta Netflixek erosi ostean arrakasta handia izaten ari da Hego Amerikan. Ez da harritzekoa, adin guztietako ikusleak harrapatzeko osagai guztiak baitauzka. Besteak beste, drama, umorea, polemika eta kritika. «Merli haragitzea oparia izan da niretzat». Izan ere, bihar emitituko dute Katalunian hirugarren eta azken denboraldiko azken atala.

«Aktore ipurtarina» da eta beste proiektu batzuetan murgiltzeko gogotsu dago. Hala ere, ez du bizitzako esperientzia hau errez ahaztuko. Momentuz ez behintzat, Euskal Herrian oraindik hasteke baitago telesaila. Kataluniarretik gaztelerara Orellak berak burutu izaten ditu itzulpenak. Kasu honetan ordea, euskaraz hitz egiten entzungo dugu Merli filosofiako irakasle xelebrea, Iñaki Beraetxeren ahotsarekin. «Asko gustatu zait, oso tonu interesgarria dauka. Telesaila euskaraz ikusteko gogoa piztu zait, ezer ulertuko ez dudan arren».

«Nire fisikoa dela eta, puta seme asko interpretatu ditut»

Gaizkile edota pertsonaia bihurriak haragitzea dibertigarriagoa omen da. Horrekin ados dago Orella. Izan ere, maltzur aurpegia izatearren 'puta seme' askoren paperean sartzeko aukera izan duela adierazi du. Gaizto hauen artean dago 'Lasa eta Zabala' filmean interpretatu zuen Galindo guardia zibila. Pablo Malo zuzendari euskaldunaren agindupean ETA kide izatea egotzi zituzten bi gazte torturatu zituen gizona haragitu zuen. «Tipo nazkagarri baten papera hartu nuen arren, ohorea izan zen benetako istorio baten oinarritutako proiektu euskaldun hartan parte hartzea».

Asko maite du Francesc Orellak Euskadi. Maiz ibili da hemendik eta itzultzeko gogo biziz dago. 2016. urtean Irlandan aritu zen oporretan eta bikote euskaldun baten lagun egin zen. Haiek telesailari esker ezagutu egin zuten eta lan bikaina egiten zuela aitortu zioten. Hauen hitzak aintzat hartuz ikusle euskaldunek 'Merli' asko atsegingo dutela uste du. Hala izan dadila!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos