https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mercadonak sareko salmenta biltegi bat kokatuko du Bizkaian eta 'Jateko prest' sail berria ezarriko du Euskadin

Juan Roig Mercadonako presidentea, 'Jateko prest' janaria hartzen./Mercadona
Juan Roig Mercadonako presidentea, 'Jateko prest' janaria hartzen. / Mercadona

Oraindik ez du datarik zehaztu proiektu hauek aurrera eramateko

EL CORRREO

Ez dira urte asko igaro Mercadona Euskadira iritsi zenetik eta denbora honetan argi dago konpainiak indar handia hartu duela autonomia erkidegoan. Balentziako erraldoiak supermerkatu asko ireki ditu gure lurraldean, eta, orain, atzo jakinarazi zuenaren arabera, 'erlauntz' edo sareko salmenta biltegi bat kokatuko du Bizkaian, oraindik datarik zehaztu ez duen arren. Gainera, 'Jateko prest' sail berria ezarriko du aurten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hamar saltokitan.

Supermerkatu kateak 24.305 milioi euroko salmentak lortu zituen 2018an, aurreko urtean baino %6 gehiago, eta irabazi garbia 593 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldian baino %84 gehiago. Guztira, 1.504 milioi euroko inbertsioak egin zituen iaz, 2017an baino %50 gehiago, duela bi urte abiatu zuen saltokiak eta negozio eredua eraberritzeko prozesuarekin jarraitzeko. Hala jakinarazi du Juan Roig Mercadonako presidenteak astearte honetan, Paternan (Balentzia), 2018. urteko ekitaldiako emaitzen eta 2019rako aurreikuspenen aurkezpenean.

Horrela, Roigek erabaki du sareko salmenta biltegi bat kokatzea Bizkaian eta 'Jateko prest' sail berria ezartzea EAEko hamar saltokitan.

Mercadonak 18 saltoki ditu Euskadin: bost Gasteizen, hiru Bilbon eta bana Barakaldo, Basauri, Santurtzi, Berango, Leioa, Irun, Eibar, Oiartzun, Donostia eta Elgoibarren. Gainera, aurten denda berria irekiko du Gernikan. Guztira, 1.500dik gora langile ditu konpainiak EAEn.

Azkenik, Gasteizko bloke logistikoaren lehen fasea bukatu du, 50 milioi euro inbertitu eta 200 lanpostu sortuta. EAE, Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Burgosko supermerkatuak hornitzen ditu Gasteizko blokeak, eta orain bigarren fasea hasi du, beste 50 lanpostu sortzea ekarriko duena.

Temas

Euskera