https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mendi Tourrak udazkeneko datak prestatu ditu

Mendi Tourrak udazkeneko datak prestatu ditu

Bizkaian, Amorebieta-Etxanon, Basaurin eta Getxon izango dira. Horrez gain, Valladolid, Burgos, León, Salamanca, Kanaria Handia, Málaga eta Kantabria ere bisitatuko dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Bilbok mendi zinemarekin duen abenduko hitzordua gerturatzen ari da, eta pixkanaka, Bilbao Mendi Film Festibaleko aurtengo edizioko datu gehiago ari da ezagutzera ematen antolakuntza taldea. Adierazi dutenez, hamalau udalerritara helduko dira mendi filmak. «Mendia, abentura eta muturreko kirolen zinemagintzaren ikusleak pozarren egoteko moduan daude», uda bitartean 30 hiri eta herritan 60 saiotik gora eskaini eta gero, irailetik aurrera, azarora bitartean, beste hogei bat emanaldi egingo dira eta.

Euskal Herriko mugetatik kanpora, Espainian nonahi ageri da Mendi Tourra. Irailean, Valladoliden hasiko dute ibilbidea, irailaren 17, 18 eta 19an emanaldiak eginez. Gaztela Leóngo beste hiru hiriburutan ere izango dira. Iazko arrakasta ikusita Burgosen hiru data itxi dituzte urriaren 8, 9 eta 10erako. León eta Salamancan urriaren 22 eta 23an izango dira.

Irailaren 28an Gran Canarian izan ondoren, Bizkaira egingo du salto Tourrak, Amorebietan urriaren 4an proiekzioa egiteko. Hurrengo egunean, urriaren 5ean, Endoia-Itziarren izango dira, Gipuzkoan. Madril bosgarrenez izango da Mendi Tourreko agertoki, klasiko bihurtu den hiri erdiguneko Golem zinema aretoetako aretoko hitzorduan. Urriren 15etik 18ra, lau saio egingo dituzte.

Andaluzian ere egingo dira Áloran, Málagan. Kantabrian, Potesen bigarrenez izango da Mendi Tourra. Iazko edizioarekin pozik gelditu ziren antolatzaileak, Europako Mendien magalean, Liébana eskualdean, egindako proiekzioarekin.

Eta, azkenik, Euskal Herrian izango da mendi zinemaren tourra. Bizkaian Amorebieta-Etxanon (azaroak 4), Basaurin (azaroak 20) eta Getxon (azaroak 13-14-15) izango dira. Azken hau hitzordu berria da, «hiru eguneko apostu sendoa». Gipuzkoan, Elgoibar (azaroak 22), Endoia-Itziar (urriak 5) eta Errenteria (azaroak 8-9) bisitatuko dituzte, azken biak hitzordu berriak.

Iazko edizioko film onenak izango dira ikusgai Tourrean, sarituak izan zirenak. BMFF-eko kideek aurkezten dituzte saio guztiak, eta filmak jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira azpidatziekin lagunduta.

Bilbao Mendi Film Festibaleko aurtengo edizioko sarrerak eskuragarri daude jada. Abenduaren 7tik 16ra egingo dute. Iaz 10.300 ikusletik gora bildu ziren Mendifilmen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos