https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mendi Film Festivaleko zazpi lan, Gasteizen ikusgai

Mendi Film Festivaleko zazpi lan, Gasteizen ikusgai
Fotolia

Martxoaren 4, 6, 7 eta 8an ikusi ahalko dira 'The search for the wooo', 'This mountain life', 'Live along the way', 'The weight of water', 'Notes from the wall' eta 'Everest green'

AMALIA IBARGUTXI

Abenduan egin zuten Mendi Film Festivalen 11. edizioa. Hamar egunez, mendi zinemagintzako erdigunea izan zen Bilbo, eta orduan ikusgai izan ziren filmetako zazpi, Gasteizen izango dira ikusgai martxoan. Hilaren 4, 6, 7 eta 8an, eguneko bi saio egingo dituzte, 18:00etan lehenengo, eta 20.00etan gero.

Mendia, muturreko kirolak, abentura eta natura gaiak jorratzen dituzte denek, Vital Fundazioaren Aulan eskainiko diren proiekzioetan. Lehenengoa, 'The Dawn Wall', Mendi Film Festivala zabaldu zuen ikus-entzunezkoa da. Tommy Caldwell munduko 'big wall' edo horma handietako eskalatzailerik onenetarikoa da protagonista, eta bere bizitza erakusten du filmak.

Abenduan, 1600 ikusleren aurrean aurkeztu zuten, Euskalduna Jauregian, Tommy Caldwell bertan zela, Peter Mortimer zuzendariarekin batera. Epaimahaiaren saria jaso zuen.

Martxoaren 6an, asteazkena, 'The search for the wooo' eta 'This mountain life' izango dira ikusgai; hurrengo egunean, hilak 7, 'Live along the way' eta 'The weight of water'; ostiralean, martxoak 8, 'Notes from the wall' eta 'Everest green' ikusi ahalko dira. Denak bertsio originalean eta azpitituluekin proiektatuko dira.

Sarrerak eskuragarri daude proiekzio-egunera arte Estadio Fundazioaren harrera gunean eta Vital Fundazioaren egoitzan. Gainera, aretoaren leihatilan ere salgai izango dira saioa hasi baino 45 minutu lehenago arte.

Gasteizen ikusgai izango diren filmak askotarikoak dira. 'The search for the wooo' film laburrean, David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Asteazkeneko beste filmak, 'This mountain life'-ek, Martina eta bere ama Taniaren abentura kontatzen du. Sei hilabeteko eski-zeharkaldia erakusten du, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barna.

'Live along the way' filmak Liv Sansoz-en istorioa kontatzen du, eta bere azken abenturaren berri ematen du baita ere: Alpeetako 4.000 metroko 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea. 'The weight of water' filmak, bestalde, Erik Weihenmayerren beldurrak arakatuko ditu. Itota hiltzeak sortzen dion izuari aurre egin, eta AEBetako Grand Canyon-a zeharkatzea erabakiko du. Kirol eta Abentura Film Onenari saria irabazi zuen ikus-entzunezkoak.

Temas

Euskera