https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mendeurrenari begira, lau proiektu babesteko akordioa sinatu dute Euskaltzaindiak eta Laboral Kutxak

Bilboko Euskal Museoan martxoan egingo duten erakusketa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia dira horietako batzuk

AMALIA IBARGUTXI

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) Euskaltzaindiak euskararen eremuko 145 herritan, 1986 eta 1992 artean, egindako grabaketek osatzen dute. Guztira 4000 ordu baino gehiagoko hizketaldiak dira, euskararen erabilera anitzak biltzen dituena. Datorren urtean erakusketa bilakatuko dute EHHA, eta martxoan inauguratuko dute. Euskaltzaindiak Laboral Kuxarekin izenpetutako akordioaren ondorioz, hau eta beste hiru proiektu babestu eta garatuko dituzte. Andres Urrutia euskaltzainburuak eman du Akademiak izenpetutako akordioaren berri. Lau lankidetza ildo berri horien «pisua eta esanahia» azpimarratu ditu.

Euskararen Akademia 100 urte betetzera doa. Mendeurrenean erakutsi nahi dute euskal gizarte eragileekin batera egiten dutela lan, «helburuak partekatzen dituzten erakunde zein elkarte desberdinekin». Horietako bat da Laboral Kutxa, «betidanik egon dena gure proiektuak babesten eta laguntzen. Tartean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa diruz lagundu du, gure proiekturik esanguratsuenetakoa dena». Beste proiektuak dira 'Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018)' Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarra, urriaren 4an, 5ean eta 6an Arantzazun egingo dutena; Dialektologiari buruzko Nazioarteko Biltzarrari babesa, Bilboko Euskal Museoan 2019ko martxoaren 14an eta 15ean; eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 10. liburukia, datorren martxorako aurreikusitakoa.

Bere aldetik, Julio Gallastegi Laboral Kutxako zuzendari nagusiak gogorarazi du «euskal gizartearen garapen osoarekin konprometituriko erakundea» ordezkatzen duela eta baita «gure helburuen artean daude euskal kultura sustatzea eta euskara biziberritzea. Hori dela eta, Euskaltzaindiarekin izan ditugun harreman historikoetan sakondu nahi dugu, mendeurrena bultzatuz eta, horren barruan, zenbait egitasmo beren-beregi babestuz».

Euskaltzaindiak udazkenean ospatuko duen mendeurrenaren baitan, irailetik 2019ko urria bitartean, Baionako jardunaldiarekin abiatuko da egitaraua. Helburu «argiak» ezarri dituzte mendeurrenerako: Euskaltzaindiak azken ehun urtean egin duen lana gizarteratzea eta eginiko bidea balioestea, Euskaltzaindiak, Iker eta Jagon sailetan etorkizunerako dituen asmoak hiztun eta erabiltzaileen beharrekiko eta ildo estrategikoen gizarteratzea eta euskararen eta euskal kulturaren inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proposatzea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea datozen bi hamarkadetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos