https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabak mendekotasunarekin lotutako informazioa eskainiko du webgune berrian

Arabak mendekotasunarekin lotutako informazioa eskainiko du webgune berrian

Webgune horretan, mendekotasunarekin lotutako baliabide, zerbitzu eta prestazio ekonomikoei buruzko informazioa eskura daiteke

PAUL PICADO

Mendekotasunari eta horrekin lotutako baliabide, zerbitzu eta prestazio ekonomikoei buruzko informazioa biltzen duen webgune berria sortu dute Araban. Esan bezala, mendekotasunarekin lotuta dagoen informazio guztia ematen da webgunean; besteak beste zer urrats eman behar diren mendekotasunaren balorazioa egiteko eta baliabide, zerbitzu eta laguntza ekonomikoak eskatzeko.

Horrela lehenengo urratsa mendekotasun gradua baloratzea da, izan ere, graduaren arabera, zerbitzu edo laguntza desberdinak izango ditu. Hiru gradu bereizten dira, eta mendeko pertsonak behar duen laguntza kontuan hartuta, puntuazioa ematen da. Lehenengo balorazioa egiten denetik bigarren balorazio bat egin arte bi urte igaro beharko dira, egoerak hobera edo okerrera egin duela ez bada egiaztatzen behintzat.

Baliabideen atalean lau aukera ematen dira: eguneko arreta zentroa, etxebizitza komunitarioa, adinekoentzako eguneko zentroa eta adinekoentzako egoitza zentroa. Horrela, zentro bakoitzaren helburuak azaltzeaz gain, nork erabil ditzakeen ere esaten da.

Zerbitzuen atalean hiru zerbitzu daude, etxeko laguntza zerbitzua, zaintzaileei laguntzeko zerbitzua eta atseden hartzeko zerbitzua. Hor ere, helburuak eta nork erabil ditzakeen azaltzen da. Bestalde, desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzat zer zerbitzu dauden azaltzen da. Hain zuzen ere bi zerbitzu daude: alde batetik, arreta goiztiarreko zerbitzua, eta bestetik, laguntza teknikoak emateko eta ingurune fisikora egokitzeko zerbitzua.

Dirulaguntzei dagokienez, dirulaguntza orokorrak, adinekoentzako dirulaguntzak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei eta zaintzaileei bideratutako dirulaguntzak bereizten dira. Azkenik, ZainduzAraba izeneko atal ere badago, modu ez profesionalean mendekotasuna duten pertsonak artatzen dituzten zaintzaileentzat batik bat.

Temas

Euskera