Borrar
Jesús Guridi musikaria.
XX. mendeko euskal musikaren maisua

XX. mendeko euskal musikaren maisua

Gaur egun arte iraun dute, besteak beste, 'Amaya', 'El caserío' eta 'Diez melodías vascas' musika lanek, Jesus Guridi gasteiztarrak sortuak

Virginia Enebral

Martes, 27 de febrero 2018, 00:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Konpositorea, organista, zuzendaria eta irakaslea. Hori da Jesus Guridiren biografiari buruz guztientzat jakina dena. Askok aipatzen ez dutena, ordea, zera da: XX. mendeko euskal musikan jokatu zuen paper nagusia. Genero asko landu zituen: erlijio arloa, abesbatza, organoa, orfeoia, ganbera-musika, sinfonikoa, lirikoa, baita zinemarako musika ere. 'Amaya', 'El caserío' eta 'Diez melodías vascas' dira hark sortutako lan ezagunenetariko batzuk, baina azpimarratu beharrekoa da haren ibilbide luze-zabalaren erakusgarri laburra baino ez dela.

Norberto Almandoz musika kritikariak 'Txirula Magikoa'-ren egile ospetsuarekin alderatu zuen Guridiren lana. «Mozarten lehenengo lanetan ageri den jariakortasuna eta argitasuna antzeman daiteke gasteiztarraren musikan. Era berean, Rossiniren hastapenetako puntu komikoa eta umorismoa izango ditu oinarritzat gure maisuak bere bizitza osoan zehar. Verdiren nerbio dramatikoa zein erlijiositatea bihurtu ziren konpositore honen adierazgarri. Debussyren jatorrizko argitasuna berekin atxikiko ditu Guridik bere azken lanetara arte».

Guridi Gasteizen jaio zen, 1886an, Florida kaleko 36. zenbakian. Musika berezkoa zuen, izan ere, musikari asko zituen bere senideen artean. Nicolas Ledesma konpositore eta organista famatua, adibidez, birraitona zuen. Aitaita-amamak, berriz, Celestina Ledesma piano irakaslea eta musikagilea, eta Luis Bidaola, organista eta konpositorea izan zituen. Gurasoak ez ziren atzean geratu: Lorenzo Guridi eta Trinidad Bidaola, biolinista bata eta piano irakaslea bestea, hurrenez hurren. Leinu horrekin ezin imajinatu beste era bateko etorkizunik.

Giro aproposa

Hortaz, txiki-txikitatik bizi izan zuen giro aproposa notak eta isiluneak, erritmoa, intentsitatea eta musikaltasuna josteko eta berezko gaitasuna garatzeko.

Bilbon hasi zituen ikasketak, baina laster Zaragozara bizitzera joan zen eta handik urte batzuetara, 1896an, Madrilera. Dirudienez, ez dago erabateko ziurtasunik, Espainiako hiriburura heldu zenerako, bere lehenengo konposizio txikiak burutuak ez ote zituen. Hamaika urte inguru omen zituen. Diru arazoengatik, familiak Madriletik Bilbora bueltatu behar izan zuen XX. mendea hastear zela. Bilbon, musika sustatzen zuen ‘El Cuartito’ gelako taldearekin lotu zuen bere izena. Leku horretan biltzen ziren musikazaleek bultzatu zuten hiribilduko hurrengo hamarkaden mugimendu artistikoa. Haiei esker Elkarte Filarmonikoa, Bizkaiko Musika Akademia, Kontserbatorioa eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa sortu ez ezik, euskal opera ere agertu zen. Harreman horren ondorioz, euren babesa lortu eta José Sainz Basaberekin harmonia ikasteko aukera izan zuen. 1901a urte garrantzitsua izan zen Guridi gaztearentzat: bere lehen kontzertu publikoa eskaini eta, aldi berean, lehen konposizio saria irabazi baitzuen.

«Tomas Marcoren aburuz 'Amaya' XX. mendeko Espainiako operarik onenetakoa da»

Formakuntza biribiltzeko, Parisera aldatu zuen egoitza, une hartako eskola onenetariko batera: Vincent D’Indyk zuzendutako Schola Cantorum, non Guridik gailentzea lortu baitzuen. Halere, ez zuen sormena alde batera utzi. 'Melodías para canto y piano' eta 'Quatorze morceaux pour piano', argitaratutako lehen obrak idatzi zituen. Gasteiztarrak, ondorengo egonaldiak Bruselan eta Kolonian izan zituen.

Tartean, Bilbora itzuli zen eta 1907ko urrian bere lanekin osatutako lehen kontzertua eman zuen Elkarte Filarmonikoan. Amaitu eta gero, Ohorezko Kide bihurtu zen. Aro horretan 'Nostalgia' eta 'Fantasía para gran órgano' ere konposatu zituen. Hogeita bi urte zituela, Guridi Bilbora behin betiko bueltatu zen. Orduan hasi zen haren musikagile garairik oparoena. 'Así cantan los chicos' obraren ondoren, tradiziozko euskal egunerokotasunean koka daitekeen 'Mirentxu' opera etorri zen, zoritxarreko maitasun historia lirikoa. Enkargua, Bilboko Koral Elkartearen izenean heldu zitzaion Guridiri, Jose Maria Usandizagari 'Mendi-Mendiyan' eta Santos Intxaustiri 'Lide ta Ixidor' bezala.

Hamar urte isilik

Hamar urte behar izan zituen hurrengo lana amaitzeko, baina 'Mirentxu'rekin lortutako arrakastak lagundu zion 'Amaya' operaren musika ontzeko. 1920an egin zen estreinaldia, Bilboko Albia Koliseoan. Adituek aurrekoa baino lan pertsonalagoa zela azpimarratu izan dute, aldaketa estetiko nabaria ikusten baita gaian, instrumentazioan eta pertsonaien lanketan. Izan ere, Tomas Marcoren aburuz «XX. mendeko Espainiako operarik onenetarikoa da», eta euskal operari dagokionez, euskal lirikaren urrezko garaiari amaiera eman zion.

Hainbeste laudorioren ostean, sei urte geroago, gaur egun hain ezaguna den 'El caserío' zartzuela antzokiratu zuen lehen aldiz, Madrilen, eta entzuleen harrera beroa izan zuen. Hain arrakastatsu ez izan arren, hurrengo konposizioak ere zartzuelak izan ziren: 'La meiga', 'La cautiva', ‘Mandolinata’, 'Mari-Eli' eta 'La bengala'.

Bilboko Santos Juanes parrokiako eta Santiago Basilikako organista izendatu eta gero, bere azken urteak irakaskuntzan jardun zuen Guridik batez ere. 1927an Bizkaiko Musika Kontserbatorioan, eta 1939tik aurrera, Madrilgo Errege Kontserbatorio Gorenean. Bertako zuzendari izatera heldu zen. Ardura honek sortzeko denbora murriztu zion. 1961ean hil baino lehen idatzi zuen azken lana 'Final para gran órgano' izendatu zuen.

Conrado del Campo, Joaquín Turina, Julio Gómez eta Oscar Esplá-rekin batera, Manuel de Fallaren belaunaldikoa izan zen Jesus Guridi, maisuen belaunaldia, eta literaturan 98ko belaunaldiaren baliokide dena musika arloan. 1950ean adierazpen hauek egin zituen: «Nire lanek baliorik badute, sentimenduan aurkitu behar da balio hori. Honela, batzuetan ez diot instrumentuari edo kanpoko janzkerari jaramonik egiten… Nire musika bakarrik bizi dadin dut helburu». Orain jakin badakigu xede hori ongi baino hobeto lortu zuela, bere obrak Espainian behintzat behin eta berriz jotzen baitira.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios