https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«XIX. mende hasieran, Bolivar bera baino arriskutsuagoa izan zen Xabier Mina Espainiako Gobernuarentzat»

Larrea historialaria, filologoa eta idazlea da./Mireya López
Larrea historialaria, filologoa eta idazlea da. / Mireya López

Kepa Larrea idazleak historiak luzaroan isildutako Xabier Mina gerrillari nafarraren biografia ezagutarazi du bi saiakera lanetan

IRAITZ URKULO

Xabier Mina Nafarroako Otano herrian jaio zen 1789an, Frantziako Iraultzaren bezperan. Euskalduna, liberala eta errepublikanoa izanik, Nafarroan mila gizoneko gerrillari talde baten buru aritu zen Frantsestean eta, jeneral izendaturik, insurjenteen armada oso bat gidatu zuen Mexikoko Independentzia Gerran. Herrialde hartan fusilatu zuten Fernando VII.aren soldaduek, 1817an, artean hogeita zortzi urte baino ez zituela. Espainiako historialariek haren balentriak isildu zituzten; Mexikon, aldiz, maila goreneko heroi bilakatu zen. Izan ere, Xabier Mina askatasunaren alde borrokatu zen beti, eta herrialde horrek gerrillari liberal nafarra hil eta lau urtera lortu zuen independentzia. Kepa Larrea saiogileak, historiaren zirrikituetan barneratu, eta Xabier Minaren pausoen atzetik abiatu da 'Biba Mina! Kontuak eta kantuak' eta 'Mina edo libertatea' liburuetan (Pamiela, 2017).

-Zergatik aukeratu zenuen Xabier Mina?

-Duela urte batzuk Ameriketan ibilitako euskaldunei buruzko informazioa biltzen ari nintzen, eta halako batean Xabier Minarekin egin nuen topo. Espero ez nuen pertsonaia zen, eta jatorri umileko hura zenbat eta sakonago ezagutu orduan eta gehiago erakarri ninduen: nafarra, ikasia, euskalduna, unibertsala.

-Liburu bakarrarekin nahikoa izan ez, eta bi idatzi dituzu.

-Batak bestera eraman ninduen, halabeharrez. Bata saiakera biografikoa da, eta bestea, biografia hori bera, baina fikzionatua. Ezin nituen bi kontakizunak liburu bakar batean nahasi. Azken batean, fikzioak kontatzen du Minaren bizipenak nola irudikatzen ditudan. Aitzakia bat da maitasunaz, traizioaz, heriotzaz, lagunez eta etsaiez hitz egiteko.

-XXI. mendera arte Espainiako historiagileek Xabier Minaren ingurukoak isildu edo gaitzetsi egin dituzte. Zergatik?

-Horixe galdetu nion neure buruari. Nahikoa da inguruari erreparatzea; Noaingo kale berri batean izan ezik, Xabier Minak ez du kalerik, ez plazarik, ez estatuarik penintsula osoan. Alabaina, Mexikon heroitzat dute, Independentziaren monumentuan lurperatuta dago eta. Mina gakoa da XIX. mendearen hasierako gertaerak ulertzeko.

-Hainbat gertaera historiko garrantzitsutan parte hartu zuen.

-Napoleonen kontra borrokatu zen Nafarroan, Fernando VII.aren aurka altxatu zen Iruñean eta insurjenteen alde lerratu zen Ameriketan, hau da, Inperioaren kontra. Baina, monarkikoek ez ezik, liberalek ere gogor kritikatu zuten: Espozek arbuiatu zuen eta Torrente liberalarentzat Mina «genio maligno» bat izan zen. Hala ere, Minak behin eta berriz aldarrikatu zituen hiru ideia hauek: errepublika, independentzia eta askatasuna. Hortik atera kontuak.

-Minarekin lotutako nolako materiala bildu duzu 'Biba Mina! Kontuak eta kantuak' liburuan?

-Nola bizi izan ziren orduko gertaerak islatzen saiatu naiz, eta ez hainbeste nola izan ziren. Xabier Mina oso goiz bilakatu zen mito. Nafarroan, kasurako, Napoleonen kontrako gerrilletara joateko, jendeak «ir a Mina» esaten zuen. Bere borroken gorabeherak ere oso goiz hasi ziren zabaltzen sasoi hartako egunkarietan, nahiz eta beti egia esan ez. Orduan 19 urte zituen. Mito guztiekin gertatu ohi denez, literaturak kanta eta istorio ugari eskaini dizkio. Gaztelaniaz ez ezik, ingelesez ere poema epiko luze bat eskaini zioten Estatu Batuetan. Gogoratu baino ez Lord Byronen laguna izan zela eta hari sor zaiola 'Minaren hirurehunak' olerkia.

-Zer dela eta 'Mina edo libertatea' haren biografia izan daitekeena izendatzeko?

-Minak bere sinaduraren ondoan beti idazten zuen esakune edo nahi bera: «Salud y libertad». Hortik datorkio izena liburuari. Ohikoa zen horrelako esaldiak idaztea. Fray Servandok, Minaren lagunak, adibidez, hauxe zioen umore handiz: «salud, garrapatas y bendición apostólica». Minak eta libertateak erabateko lotura dute. Robinsonek kontatzen duenez, errealistek insurjenteei erasotzen zietenean, hauek «Viva Mina y la libertad» erantzuten zieten oihuka.

Hogei urte baino ez zituela, frantsesen aurka ibili zen lehendabiziko aldiz gerrillari Nafarroan zehar.
Hogei urte baino ez zituela, frantsesen aurka ibili zen lehendabiziko aldiz gerrillari Nafarroan zehar. / E.C.

Gerrilla-burua

-Hogei urte baino ez zituela, frantsesen aurka ibili zen lehendabiziko aldiz gerrillari.

-Bi etsai baino ez zituen izan Xabier Minak: bata Napoleon Bonaparte, eta bestea, Fernando VII.a Borboikoa. Eta biei egin zien aurre: lehenengoari, Euskal Herrian barna gerrillari talde baten buru; eta besteari, Iruñean eta Mexikon gudaroste baten jeneral.

-Berrehun laguneko talde armatu baten buru zela hasi zen Minaren mitoa. Izan ere, laster zabaldu zen haren izena, eta milaka gerrillari bildu zitzaizkion.

-Bai, halaxe izan zen. Hemeretzi urterekin Aragoiko frontean ibili zen frantsesen aurka eta, Zaragoza erori ondoren, Nafarroara itzuli zen. Hasiera batean, lagun gutxi batzuekin 'Corso Terrestre de Navarra' delakoa osatu zuen 1809an, Uxueko apaizaren laguntzarekin. Handik gutxira, berrehun bat ziren eta, urtebete baino lehen, mila soldadu, militarren ohiko egituran antolaturik. Mina atxilotu ondoren, talde hori Espozek gidatu zuen Nafarroako Dibisioa bilakatu zen.

-Borrokan atxilotu eta, zauriturik, preso sartu zuten.

-Bederatzi hilabetez frantsesei gogor eraso zien bere gerrillariekin, Frantsestea edo 'Peninsular war' deituriko gerratean. Aranguren bailaran frantsesen segada batean erori, eta besoan larriki zauriturik preso hartu zuten. Napoleonek haren heriotza-zigorra sinatu bazuen ere, agindua ez zen bete, Dufour Nafarroako gobernadore frantsesak zuhurtzia handiz pentsatu baitzuen Minak gehiago balio zuela bizirik, hilik baino.

-Espetxean igarotako lau urtean Europa osoko preso politikoekin harremanetan egon zen. Haiei esker, gerrarako estrategia ugari ikasi zituen eta kultura handiko militar bilakatu zen.

-Parisen, Vincenneseko dorrean sartu zuten eta estatu-preso izendatu zuten. Hau da, ez zen ohiko gerrako presoa, preso politikoa baizik. Han bildu zituen Napoleonek atxilotu ahal izan zituen etsai politiko eta militar guztiak. Horrela, espetxea Minari unibertsitate bilakatu zitzaion, Europako militar eta pentsalari on askorekin egon baitzen: La Horie, Desnoyers, Leneufville, Palafox, Blake, O'Donnell…

«Minak behin eta berriz aldarrikatu zituen hiru ideia hauek: errepublika, independentzia eta askatasuna»

«Inprenta izan zen Minak Mexikora eraman zuen armarik onena»

«Gizatasunez jokatzen zuen borrokan, eta horrek etsaien errespetua ekarri zion»

Iheslaria

-Fernando VII.aren aurka altxatu zen Iruñea askatzeko asmoz, baina kale egin eta muga zeharkatu behar izan zuen. Sei hilabete geroago, Napoleon Frantziara itzuli zenean, Ingalaterrara ihes egin zuen.

-Behin Napoleon erori eta Mina aske geratu ondoren, Fernando Borboikoaren etorrera ez zen gertatu askok espero bezala. Errege 'Desiratua' izatetik 'Deitoratua' izatera iragan zen, liberalen aurkako errepresioari ekin baitzion. Ondorioz, hainbat liberalek atzerrira jo behar izan zuten, Mina eta haren gerrillari batzuk tarteko. Baina, lehenago, irailaren 25eko gauean, Mina eta Espoz saiatu ziren Iruñea erregeren mendekotasunetik askatzen, Minak zioenez, aterpea emateko libertatearen defendatzaileei. Ez zuten lortu. Harrezkero, Frantzian eta Ingalaterran ibili ziren, erregeak haien atzetik bidalitako hiltzaile aldra bat orpoz orpo zituztela. Ingalaterran, Minak lord Castlereagh ministroaren, lord Hollanden eta Tastet bankari bilbotarraren babesa lortu zuen.

-Ingalaterran Mexikotik erbesteratutako hainbat insurjenterekin eta Espainiako liberal batzuekin harremanetan egon ondoren, hogeita hamar gizon bildu eta espedizio bat antolatu zuen Mexikora. Zein zen haren helburua?

-Minak bere aldarri idatzietan argi adierazi zuen bere helburua: «Compañeros de armas, os habéis reunido bajo mis órdenes a fin de trabajar por la libertad e independencia de México». Haiena ez zen konkista-gerra bat, helburua bestelakoa zen: «Vosotros sabéis que, al pisar el suelo mexicano, no vamos a conquistar sino a auxiliar a los ilustres defensores de los mas sagrados derechos del hombre en sociedad». Labur esanda, Mina askatasunaren alde eta tiraniaren kontra borrokatzen zen. Hala, Mexikora eraman zuen armarik indartsuena ez ziren bere kanoiak edo fusilak izan, inprenta baizik.

-Ameriketan Simon Bolivarrekin elkartu omen zen. Zer dakigu gertaera horri buruz?

-Bolivarrek berak ematen digu horren berri bere eskutitzetan. Eta, dioenez, Minak zirrara handia eragin zion, une batean ez baitzekien nora joan: Minarekin Mexikora ala Venezuelara. Azkenean nork bere bidea urratu zuen. Hilabeteko aldearekin abiatu ziren. 1816an, bi astez elkartu ziren Haitin, Pétion presidentearen laguntzarekin espedizioak atontzen zituzten bitartean. Kubako Gobernariak jakin zuenean Mina Haitin zegoela, sikario bat bidali zuen; berandu zen, ordea, ordurako Mina Galvestonerako bidean zegoen eta. Bolivarrekin ez ezik, Ameriketako beste insurjente askorekin ere ibili zen Mina: Venezuelako Gual, Txileko Carrera, Mexikoko Fray Servando, Kubako Infante…

Jenerala

-Oztopo eta traizio asko gainditurik, Mexikon matxino independentistekin bat egin eta gudaroste oso baten buruzagi bilakatu zen.

-Mexikon, Xauxillako gobernu insurjenteak jeneral izendatu zuen, baina hara heldu arte arazo eta traizio ugari gainditu behar izan zituen. Errealistek espioien eta hiltzaileen sare bat antolatu zuten Sedella fraidearen eta Onis enbaxadorearen inguruan. Baina ezin izan zuten Minaren espedizioa eragotzi. Lagun hurbilen traizioak izan ziren mingarrienak; Segundo Correarena, kasurako. Minak Correaren aitari espetxetik irteten lagundu zion, baina semea Mina hiltzen saiatu zen. Halakoxea zen garai hartako giroa Karibean.

-Minak arerioen errespetua ere jaso zuen. Zergatik?

-Bai Nafarroan eta bai Mexikon, Xabier Mina gerra beste modu batez egiten saiatu zen, gizatasunez jokatuz. Ez zituen presoak fusilatzen, eta zaurituak sendatzen zituen. Horrek, halabeharrez, etsaien artean errespetua ekarri zion, eta horrela aitortu zuten agintari frantsesek eta Mexikoko soldadu errealistek. Xauxillako Gobernuari, adibidez, hauxe idatzi zion: «No he mandado pasar por las armas a los prisioneros, ni tenía ánimo de hacerlo en adelante, por conformarme con el uso seguido en todas las naciones civilizadas y los sentimientos de mi corazón, acostumbrado a no hacer la guerra a muerte».

-Bataila askotan garaile atera zen, berak gidatutako erasoen antolaketa zainduari esker, besteak beste. Nafarroan bezala, Mexikon ere azkar zabaldu zen haren izen ona.

-Bai, oso azkar. Une hartan Bolivar baino arriskutsuagoa omen zen Mina Espainiako Gobernuarentzat. Izenaren barreiatzailerik onenak Minaren etsaiak izan ziren, hauek porrota bakoitzaren ostean ihesi zihoazelako Mina bazetorrela esanez eta haren balentriak kontatuz. Gainera, Frantsestean, Penintsulako egunkariek ez ezik, Mexiko eta Caracasekoek ere haren ekintzen berri eman zuten. Mina Ameriketara heldu orduko amerikarrek bazekiten nor zen. Hirurehun soldaduren buru aritu zen Mexikon, horietako batzuk berarekin Nafarroan ibilitakoak, Erdozain edo Goñi gerrillariak, kasu. Besteak anglo-amerikarrak, mexikarrak, italiarrak, katalanak, frantsesak… Minarena epopeia bat izan zen, hirurehun horietatik gehienak borrokan edo espetxean hil ziren.

-Fernando VII.aren soldaduek ezustean harrapatu zuten Mina.

-Bizitza laburra baina oparoa izan zen Minarena, hogeita zortzi urte zituela hil zuten eta. Apodaca erregeordeak heriotza-zigorra ezarri zionean krudelkeria handia eta inteligentzia gutxi erakutsi zituen. Mina hil eta lau urtera, Mexikok independentzia eskuratu zuen eta erregeordea kanporatua izan zen. Erregeordeak uste zuen errepresioaren bidez mexikar gehienen gogoa menderatuko zuela; erabat oker zegoen, ordea.

-Mina euskalduna zen?

-Hala da, bai. Mexikon preso zegoela, euskaraz idatzitako eskutitz bat ezkutuan bidaltzea lortu zuen kanpoan zeuden Nafarroako euskaldunei, eta hartan adore ematen zien borrokan jarrai zezaten. Gertaera hori Minarekin egondako eta bizirik irtendako Bradburn eta Brush anglo-amerikarrek kontatu zuten beren memorietan. Hau da, Minaren nazioarteko talde hartan ingelesek bazekiten nafarrek gaztelaniaz besteko hizkuntza bat erabiltzen zutela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos