https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Memoria historikoari buruzko hitzaldia, Sabino Arana Fundazioan

Alazne Díaz Muñir antropologoak argitaratu berri duen liburua aurkeztuko du

ELCORREO.COM

Sabino Arana Fundazioak eta Helduak elkarteak 'Itxi gabeko zauria. Gerra Zibila eta frankismoa' Alazne Díaz Muñir antropologoak argitaratu berria duen liburuari buruzko hitzaldia eskainiko du. Fundazioaren egoitzan egingo da datorren ostegunean, martxoak 22, 19.30etatik aurrera.

Antropologoak, Soziologia eta Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentziaduna UNEDen eta Antropologiako doktorea Deustuko Unibertsitatean, 'Itxi gabeko zauria. Gerra Zibila eta frankismoa' ('La memoria, herida abierta. Guerra Civil y franquismo') izeneko liburua kaleratu berri du. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu duen lan horren egileak berak dioenenez, «urte lazgarri horietan, gizakien inguruan sorrarazi zen jatortasuna eta zitalkeria aztertzen ahalegindu da» lanean. Hala eta guztiz ere, egilearen helburua ez da izan «itxi gabeko zauri batean eskua sartzea, ezpada, aldi hori zehatz eta sakon aztertzea, mina biziagotu barik eta mina eragin zela aintzat hartuta, zauria behingoan itxi eta etorkizunean berriro ere zabaldu ez dadin».

Plentziako antropologoaren iritziz, oroimena «funtsezkoa da gertatutakoak ahaztu ez, baina gorrotorik ez daukan bizikidetza eraikitzeko». Oroimen historikoa berreskuratzea ez da iraganera begiratzea «gorrotoz eta ezinikusiz betetako ontzi batetik»; aitzitik, «eskubide baten aitorpenean oinarritu behar da eta modua eskaini behar digu egiatan gertatu zirenak ulertzeko eta esperientzia horretatik ikasteko, batetik, iraganeko akats berdinak ez egiteko eta, bestetik, biktimei justizia egiteko».

Liburuaren bitartez, Díez Muñizek Gerra Zibilean jazo diren «lau motatako indarkeriazko ekintza jakinak» agerrarazi nahi ditu: indarkeria politikoa, egiturazko indarkeria, indarkeria sinbolikoa eta eguneroko indarkeria, batik bat, ikerketaren xede erabili dituen Langileen batailoietan eta, era berean, frankismoak iraun zuen aldi osoan eta «gizakien inguruan sorrarazi zen jatortasun eta zitalkeriaz blaitutako sasoi hartan».

Alazne Díezen iritziz, «pairatutako min bizi horrez gain, galtzaileei ezarritako isiltasuna kontuan hartu behar dugu, malkoak jendaurrean ezkutatzeko ezinbestekotasuna eta informazioaren desitxuraketa; azkenak biktima bihurtu nahi izan zituen askotan indarkeriaren eragileak». Guztiaz ere, liburuaren egilearen beste helburuetako bat izan da, era berean, bake iraunkorra erdiesten laguntzea. Izan ere, gertatutakoek atzeraldirik ez dutela kontuan hartuta, adiskidetzearen edo bakezkoak egitearen garrantzia nabarmendu nahi izan du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos