https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Melillako La Purísima harrera-etxea gainezka dagoenez, adin txikikoak lau kanpin-dendatan sartzea erabaki dute

La Purísima harrera-etxearen kanpoaldean lau kanpin-denda jartzea erabaki dute./Efe
La Purísima harrera-etxearen kanpoaldean lau kanpin-denda jartzea erabaki dute. / Efe

Egoerak gainez aspaldi egin bazuen ere, DanielVentura Ongizate Sozialeko kontseilariak adierazi du har ditzaketen haur-kopurua ez dutela handituko, haur horiek «familia eta lagunak abisatuko lituzketeelako»

AMALIA IBARGUTXI

Bakarrik dagoen adin txikiko asko dago Melillako hirian, guraso edo inolako tutorerik gabe heldutakoak espainiar hiri afrikarrera. Pentsatzekoa denez, Melillara heldutako migratzaileen adinak askotarikoak dira, eta egun, adin-txikikoen La Purísima harrera-etxea gainezka denez, eraikinaren kanpoaldean lau kanpin-denda jartzea erabaki dute. Daniel Ventura Ongizate Sozialeko kontseilariak (PP) adierazi duenaren arabera, lehen harrerako moduluko egoera arindu bitartean baino ez dira biziko han.

Migratzaileak Melillako hirira heltzean, adinaren arabera dauzkaten aukerak desberdinak dira. Batetik, helduek bi aukera dituzte, Andaluziara joaten saiatzeaz gain, Poliziaren segurtasunerako neurriak gainditu eta nolabait aurrera egiteko bidea topatu, edo CETI (Etorkinen Aldi Baterako Zentroa) delako batean bizi. Gurasoekin bidaia egindako adin txikikoak ere horietan bizi dira. Adin txikikoek, bestalde, beste hiru aukera dituzte. Bakarrik kalean bizitzea, Andaluziara heltzen saiatzea, edo La Purísimaren tankerako harrera-etxeren batera joatea.

Horrelako egoeretan ohikoa denez, harrera lekuok ez dute nahikoa baliabide izaten hartzen duten lagun kopuruarentzat. Eta horregatik, CETIko kiroldegian militarrek erabili ohi dituzten ohatzeak jarri zituzten bezala, La Purísimako kanpoaldean lau kanpin-denda jartzea erabaki dute helburu berarekin. Melillan egoerak gainez aspaldi egin bazuen ere, Venturak adierazi duenez «mutikoek beraien ezagunei dei egitea ekiditeko» ez dute beste neurririk hartu. Izan ere, eskainitako adierazpenen arabera, har ditzaketen haur-kopurua handitzekotan, haur horiek «familia eta lagunak abisatuko lituzkete».

Hiri Autonomo Gobernuaren asmoa da kanpaina-denda horietan 100 bat ume bizitzea «hobeto lo egin dezaten eta euren giza garapen osoagoa izateko». Kontseilariak adierazitakoaren arabera, 581 adin txikiko bizi dira 260 lagun hartzeko prestatutako zentroan.

Urtarrilean bi adingabe zendu ziren Melillan, MENA (Menores de Edad No Acompañados) deitzen dieten horietakoak. Hiria da horien tutore, eta Daniel Ventura kontseilariaren saila arduratzen da kudeaketaz. Bi heriotzak jakitera eman eta pare bat egunera, 'Melilla Hoy' egunkarian hauxe esan zuen: «Ez ditut hildakoaren gurasoak hartuko, gorpua jasotzera etorri beharrean lehenago azaldu behar zutelako, semea bizirik zela».

Ez da lehenengo aldia gobernuz kanpoko erakundeek Melillako migratzaileen kudeaketa kritikatzen dutela, bereziki bakarrik dauden gazteena. La Purísima, zehazki, hainbatetan egon da erakunde horien jomugan. Horien arabera, haur askok salatzen dituzte tratu txarrak, neurriz kanpoko zigorrak, irainak eta bestelako trabak, ohikoak direnak La Purísiman. 18 urte betetzean kaleratu egiten dituzte, eta horregatik erabakitzen omen dute askok horietan ez bizitzea. Hamaika hesiren gainetik igaro behar duten gazteak dira, eta La Purísimakoa beste bat da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos