Mekara begira
Duela gutxi, arratsalde batez itsasertzetik paseatzen ari nintzela, gizon bat ikusi nuen arroka lau baten gainean belaunikaturik, alfonbra txiki baten gainean. Gizonak berrogeita hamar urte inguru izango zituen eta errezatzeko moduak adierazten zuen musulmana zela.
Begira gelditu nintzaion eta ingurua ondo ezagutzen nuenez, ikusi nuen ipar-ekialdera begira errezatzen ari zela. Ez naiz aditua erlijiotan, are gutxiago islamismoan, baina jakin badakit Mekara begira errezatzen dutela musulmanek eta gizona ez zegoen norabide horretan belaunikatua.
Momentu batean zalantza izan nuen. Esan niezaiokeen Moskuko norabidean ari zela errezatzen, ez Mekarenean eta aukeratutako arrokak bazuela Mekara begira erreza-tzeko lekua, aski zuela altxa, alfonbratxoa mugitu eta behar bezala errezatzeko moduan berriz belaunikatu.
Ez nindoan bakarrik paseoan, lagun bat zetorren nirekin eta gertatzen ari zena kontatu nionean harritu egin zen. Galdetu zidan nola nekien nik Meka ez zegoela gizonak aukeratutako norabidean. Lainoturik zegoen arratsaldea, laino gris lodiek estaltzen zuten zerua, eguzkia non zegoen antzematea zaila zen, baina nire laguna bertakoa da eta jakin behar zuen non dagoen iparra, non hego-ekialdea.
Ez nintzen harritu. Ezagu-tzen dudan askok ez daki apenas ezer bizi gaituen lurrari buruz, are gutxiago babesten gaituen zeruaz. Gauza da han jarraitzen zuela gizonak, belaunikaturik, tarteka beso luzatuekin arroka laztanduz. Esaiozu, esan zidan lagunak gertatzen ari zena ulertu zuenean.
Nik, ordea, pentsatu nuen Mahomak ezin zuela hain zorrotza izan, balekoa izan behar zitzaiola Mekako norabidea zein den jakin gabe errezatzen ari zen gizonaren ahalegina, agian otoitza bera izango zela Moskutik bueltan Mekara heltzeko gauza, hegan.
Euria hasi zuen momentu hartan, baina gizonak bere hartan jarraitu zuen, itsaser-tzeko arroka baten gainean erreza eta erreza, ipar-ekialdera begira. Hori ere estimatuko zuen Mahomak.