https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mayumanak Estoparen abestiekin osatutako ikuskizuna ekarriko du Bilbora

Mayumana taldea./Óscar Solorzano
Mayumana taldea. / Óscar Solorzano

Nazioartean ezaguna den perkusio taldeak ostegunetik igandera Romeo eta Julietaren tankerako istorioa kontatuko du taula gainean

IZASKUN MOYANO

Coca-Cola edariaren iragarki batean parte hartuta egin zen ezagun Mayumana. Egun ordea, mundu mailako perkusio eta dantza talde arrakastatsuenen artean kokatzen da. Jatorri israeldarra duen konpainiak Bilboko Campos Antzokian aurkeztuko du bere ikuskizun berria: 'Rumba'. Estopa taldearen abestiekin 'Romeo eta Julieta' bezalako maitasun istorioa taularatuko dute. Beraz, datorren ostegunetik igandera bitartean antzokira hurbiltzen den herritar orok zuzenean ikusteko abagunea izango du.

Lan hau musikala baino haratago doa eta 20 urteren ostean ohikoak ez diren beste bide batzuk hartzeari ekin dio. Izan ere, Mayumanaren esentzia «%80an perkusioa eta %20an musika» egitean datza. Baina oraingo honetan, lerro narratiboa gehituko diote istorio baten bidez beraien ikuskizunari. Honela, beste dimentsio bat gehituko die taldekideek beraien lanei.

'Rumba'-k Shakespeareren obra ezagunena bezalako maitasun istorioan murgilduko du ikuslea. Auzo berean elkarren kontra borrokan dauden bi familiako kide bi maitemindu egiten dira, gatazka areagotuz. Gorrotoa eta amodioa nagusi izango dira taula gainean Estopa taldearen 14 abesti ezagunenekin hornitutako ikuskizunean. Besteak beste, 'Tu perfume es el veneno', 'El run run', 'La raja de tu falda' edota 'Como Camarón'’ kantei aurretik inoiz grabatu ez duten 'Miriam' gehitu zaie.

Une honetan, Mayumana Espainiatik biran ari da. Duela urtebete estreinatu zuten ikuskizuna Madrileko kale nagusian dagoen Rialto Antzokian. Bertan arrakasta handia lortu zuten. Izan ere, 100,000 ikusle baino gehiagok izan dute beraien lana ikusi eta beraien abesti, soinu eta dantzekin gozatzeko aukera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos