https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zea Mays taldeak disko berria kaleratuko du aurten

Zea Mays taldeak disko berria kaleratuko du aurten

Lan berri honetan Campi Campook eta Hector Castillok hartuko dute esku

UNAI SARRIUGARTE

Zea Mays musika taldeak disko berria kaleratuko du aurten. Halaxe iragarri du taldeak bere sare sozialetan. Bilboko laukotearen hamargarren lana, estudioko bederatzigarrena, Campi Campook ekoiztuko du. Diskoaren grabatze lanak lehendabiziko aldiz Andoiango Garate estudioan egingo dituzte.

Irailaren 1ean hasiko dituzte disko berri honen grabaketa lanak. Taldeak helarazi duenez oso hunkigarria izango da eurentzat ekoizle honekin elkarlanean aritzea. Campoo Vetusta Morla eta Jorge Drexlerekin ibili izan da elkarlanean. Gainera, bere ekoizle ibilbidean 5 Grammy Latino irabazi izan ditu.

Bestalde, nahasketa lanetan Hector Castillo ibiliko da eta nahasketok New Yorken egingo ditu. Castillo David Bowie, Björk, Rufus Wainwright, Philip Glassekin ibilitakoa da. Honek baita ere hainbat Grammy Latino lortu izan ditu.

Zea Mays 1997. urtean Bilbon jaiotako rock estiloko euskal musika taldea da. Asier Basabek (bateria), Ruben Gonzalezek (baxua), Iñaki Imazek (gitarra) eta Aiora Errenteriak (ahotsa) osatzen dute taldea. Laukote bilbotarrak 22 urte daramatza oholtza gainean.

Euren ibilbidean bederatzi disko kaleratu izan dituzte eta aurtengoa hamargarrena izango da: Zea Mays (1998, Gor), Elektrizitatea (2000, Gor), Harrobian (2002, Gaztelupeko Hotsak), Sortuz, grabitatearen aurka (2005, Oihuka), Morphina (2007, Bonberenea Ekintzak), Era (2010, Bonberenea Ekintzak), Da (2013, autoedizioa), Harro (2016, Garden Records) eta Zea Mays 20 urte (2017, Garden Records).

Bestalde, 22 urteotan hainbat kolaborazio egin izan dituzte: AEKantuz (2002, Elkar), Errekalde Heavy Metal (2003), 18/98+... auzolanean (2006, Gara), Ibilaldia 2015, Bilbo Hiria irratia. 20 urtez euskal taupada (2017, Erroa) edota Aspalditik gatoz, urrutira goaz (2016, Bonberenea Ekintzak) besteak beste.

Temas

Euskera