https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Masterreraino naute

Mendebaldeko zibilizazioak hainbat etapa, bitxi bezain ikusgarriak, bizi izan ditu. Europako hegoaldea ez da salbuespen bat izan

Cristina Cifuentes./AFP
Cristina Cifuentes. / AFP
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Mendebaldeko zibilizazioak hainbat etapa, bitxi bezain ikusgarriak, bizi izan ditu. Europako hegoaldea ez da salbuespen bat izan. Adibide batzuk jarriko ditut: laurogeiko hamarkadan, oso itxura nazkagarria zuen onddo batekin —kéfir izenekoa— jogurtak egiteari ekin genion; laurogeita hamarreko hamarkadan, ezin genuen hitz egin Chiquito de la Calzadaren hizkera imitatu barik (fonetikaren eboluzioa misteriotsua da beti); milenio berria gurutzatu ostean, Chiquiliquatre deituriko pertsonaia estrafalario batek egiten zuen koreografia sinplista bat dantzatzen genuen guztiok (azken etapa hau bereziki ikusgarria iruditu zitzaigun eta, hori dela eta, Europan zehar zabaltzen saiatu ginen). Ulergaitzak iruditu daitezke adierazpen horiek guztiak, baina soziologia ez da inoiz zientzia zehatz bat izan. Ezin da aurretik jakin zein estimuluri erantzungo diogun gizakiok.

Azken egun hauetan, «etapa akademizista» batean sartu gara. Masterrak eta tesiak solasalditxo guztietan agertzen dira. Master-Amaierako Lanak ohiko elementu bihurtu dira irratiko tertuliatan, eta Teseo datu-basea aipatu dugu maiz: benetako frenesi akademizista, geurea. Pasatuko zaigu. Bitartean, ez diegu Hezkuntza eta Unibertsitate Sistemaren beste ajeei begiratzen. Rey Juan Carlos Unibertsitatean gertatu dena larria da, zeharo. Baina kurtso hasi berria da eta nik ez dut hezkuntzari buruz (masterrak eta tesiak aparte) gauza handirik entzun. Baliteke Eskola Publikoak bere arazo guztiak konponduta izatea dagoeneko. Baliteke beken asuntua erabat gaindituta egotea. Baliteke ghetto-ikastetxeen itzala ilusio optiko bat baino ez izatea. Baliteke, eta hori dela eta, ez gara hezkuntzaren beste zenbait problemari buruz mintzatzen. Baliteke, baina ez dut uste.

Estatu Batuetan «campuseko nobelek» tradizioa luzea dute; nork esango luke geure politikariak maisu agertuko zirela genero honetan. Izan ere, «etapa akademizista» hau astun samar egiten ari zait. Chiquitorena eramangarriagoa izan zen. Ni, behintzat, masterreraino nago.

(Oharra: zutabe honek antiplagio-kontrola gainditu du)

Temas

Euskera