Marx, Aresti… eta Dario
Askotan aipatu izan bada Aresti marxista zela, gutxitan adierazi da nondik zetorkion joera hori Bilboko poeta handiari
Han dago 'Mailu batekin: Biola batekin' (1962) poema liburuaren orrialdeetan poema xumea: «Antigoaleko profezi-liburu batean irakurria». Laburra eta argia. Hitz joko bat besterik ez: «Eta zu, Treberis/ benedikatua izanen zera, munduko/ hiri guztien artean, zure sabeletik jaioko/ baita…».
Publicidad
Poemak jokoa egin du. Sotila da: Ebanjelioen esaldi bat hartu («Eta zu, Belen, bedeinkatua izango zara munduko hiri guztien artean»), moldatu (Belenen ordez, Treveris jarri), eta isilaldia zabaldu. Zure sabeletik jaioko baita, ez Jesus, baizik eta Karlos Marx. Treveris hiria Belenen pareko jarrita, Arestik Marx Jesusen parean ipini zuen.
Askotan aipatu izan bada Aresti marxista zela, gutxitan adierazi da nondik zetorkion joera hori Bilboko poeta handiari. Irudiko luke 'Nire aitaren etxea' famatu haren ondoren, identitate poesiak hartu duela Arestiren irakurketa nagusia. Poeta iraultzailearen joera, baina ez da inoiz lainotu. Hona hemen bere senideek idatzitakoa: «Omenaldiek kultura ofizialeko bihurtu duten Gabriel hori urruti dago, urrutiegi, errealitateak transformakun-tza asko behar zituela uste zuen gizon kritiko harengandik».
Arestik bere garaian bazuen marxista fama. Natxo de Felipek, adibidez, inoiz aitortu izan du Mikel Zarate joan zitzaiela gurasoei komunista batekin, Arestirekin alegia, zebilela esateko. Azken garaiotan asko aipatu izan da bere azken urteetan gizon 'sitiatua' zela (Bernardo Atxagaren esanetan) eta ezkertiarrak, Gabriel barne, oso gaizki ikusiak zirela (Ramon Saizarbitoria) garai horretan.
Baina oso gutxi jorratu izan da Gabriel Arestiren bide eta bizipen marxistak. Bilboko Udalak 1999an argitaraturiko 'Gabriel Arestiri omenaldia' liburuan (azpi izenez 'Bilbok bere seme prestuari' gisa ezagunagoa) Concordia kafetegian eta 60ko hamarkadaren hasieran Gabrielek ezagutu zituen (eta Gabriel ezagutu zuten) pertsonen oroipenak daude. Aitorpen ahaztuak, ez oso erabiliak. Agustin Ibarrolaren, Sabina de la Cruzen, Dionisio Blancoren, Jiménez Pericásen hitzak aurkitu di-tzakegu hor. Eta denek hitz egiten dute Aresti marxista hartaz.
Publicidad
Dena dela, badago Arestiren ideologian errotik eragina izan zuen gizasemea, eta hau bai gutxi baino gutxiago aipatu izan da: Dario Esteban, bere aitaginarreba, Meliren aita, Arestiren alaben aitona. Dariok berebiziko garrantzia izan zuen Gabrielen ibilbide ideologikoan. Leongoa zen, bai, baina 1920ko hamarkadan Bilboratua. Meli etorkinen alaba dela aipatzen dugunean, irudiko luke Aresti ezagutu baino urte batzuk lehenago etorria zela Euskal Herrira. Bada ez da horrela, familia urte luzeetan zegoen bertokotua, eta Meli bilbotarra zen. Melirekin ezkondu eta gurasoen etxea utzi eta bizitzera Basurtura doanean, Gabrielek beste mundu bat aurkitu zuen. Bere gurasoen mundua kontserbatzailea bazen, Meliren familia, hau bai, kaletarra zen. Kalean eta herriarekin bizitzeko gogoa zuen familiak. Bizitzeko alaitasuna ageri zuten.
Arestiren alargunak kontatu didan moduan, Dariok eragin handia izan zuen Gabrielen pentsamenduan. Hura bai zen komunista, komunitate (kale) zabal batean bizi zena, eta Gabrielen gurasoen itxitasun burgesarekin bat ez zetorrena. Kalearen eta komunitatearen bizibide berria ezagutu zuen Gabrielek Basurtun.
Publicidad
Dariok munduaren zabaltasuna erakutsi zion. Basurtun fielatoa zegoen, eta bera trenbideetako langile izanik, kontrabando xume hartan laguntzen zituen herriko andereak. Basurtu kalea 'herrikoia' zen, Barrueta Aldamar ez zena. Han ziren «Basurtuko emakume potrodunak», han biraoa eta garrasia, han kaleko elkarbizitza, Gabrielek maite izan zuena. Euskaraz poesian emango zuena.
Basurtu izan zitzaion Gabrieli Treveris berria. Eta auzo hartan, Treveris hartan, Dario zen haren profeta.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión