San Martin jaietarako lelo lehiaketa antolatu dute Aramaion
Proposamenak aurkezteko azken eguna maiatzaren 26 izango da, eta irabazten duenaren leloa jaietako zapietan agertuko da
Paul Picado
Asteartea, 17 maiatza 2022, 20:36
San Martin jaietarako lelo lehiaketa antolatu dute Aramaion. Norberaren proposamenak aurkezteko epea dagoeneko irekita dago, eta azken eguna maiatzaren 26 izango da. Horrela, irabazten duenaren leloa jaietako zapietan agertuko da, baina beste edozein tokitan ere erabili ahal izango da.
Oinarriei dagokienez, zenbait baldintza ezarri ditu Aramaioko Udalak. Esaterako, gaiak Aramaioko San Martin jaien inguruko mezua izan beharko du. Horrekin lotuta, leloa esaldi bat bakarrik izan daiteke, eta euskaraz idatzita, noski. Beraz, inork esaldi bat baino gehiagoko leloa aurkezten badu, atzera botako zaio.
Aramaiokoa den 12 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake lehiaketan, eta bakarka edo taldeka egin ahalko da. Aurkez daitezkeen lelo kopuruan muga jarri du Udalak. Gehienez, hiru lelo izango dira, bai bakarka, bai taldeka parte hartzen bada ere, eta mota honetako lehiaketetan ohikoa den moduan, ezingo dira aurkeztu aurretik beste edozein lehiaketatan saria jaso duten leloak.
Leloak udaletxean bertan edo mezu elektronikoz aurkez daitezke. Azken kasu horretan, itxasokultura@gorbeialdea.eus helbidera bidali beharko da mezua. Dena den, leloarekin batera, egilearen datuak ere adierazi beharko dira, besteak beste, izen-abizenak, adina, telefonoa eta harremanetan jartzeko helbide elektronikoa.
Epaimahaiak irabazlea hautatzen duenean, herriko komunikabideetan jakinaraziko du, eta saria 50 euro izango dira. Era berean, leloak sarean edo beste edozein euskarritan jartzeko eta zabaltzeko eskubidea izango du Aramaioko Udalak.