https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Markina-Xemeinen batuko dira gaur Blonde arrazako 105 abelburu

Blond/Akitania arrazako 105 abelburuk parte hartuko dute Markinan egingo den Euskal Herriko Txapelketan./Lorra
Blond/Akitania arrazako 105 abelburuk parte hartuko dute Markinan egingo den Euskal Herriko Txapelketan. / Lorra

Urriko Azoka Nagusiaren baitan bi urterik behin ospatzen den Euskal Herriko Txapelketa goizeko 10.00etan hasiko da

NAHIKARI CAYADO

Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi ukuilutatik etorritako 105 abelburuk hartuko dute parte Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusian larunbat honetan ospatuko den Blond/Akitania arrazako Euskal Herriko txapelketan.

Aurtengo edizioa hogeita-laugarrena izango da eta azokako jarduerarik ezagunenetarikoa dela esan daiteke, nahiz eta Markina-Xemeinen bi urterik behin bakarrik ospatzen den. Deialdi honetako partehartzaileen artean Arrietako Iturbe Anaiak eta Markinako Ismael Arriola izango dira Bizkaia ordezkatuko duten bakarrak. Gipuzkoatik aldiz, Haritz Kortabarria, Aretxabaletatik etorria, Antonio Olaizola eta Luzia Orbegozo azpeitiarrak, Jose Mari Ezaiza errenteriarra eta Jose Angel Zendoia oriotarra izango dira. Gorka Elortza, lehiaketa antolatzeaz arduratzen den ordezkariak aurreratu duenez, «punta-puntako animaliak egongo dira ikusgai Markinan».

Blonde arrazako txapelketa hau 16 sailetan egongo da banatuta, horietako hiru atal idienak izango dira eta gainontzekoak bigantxenak. Azken hauek adinaren arabera eta txahalarekin edo txahalik gabe banatuta egongo dira.

Txapelketa goizeko 10.00etan hasiko da eta 14.00etan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurtengo epaila Iparraldetik etorri diren Ordago taldeko Frantxoa Diharce eta Jamitit Thicoipe izango dira. Banatuko diren sari berezien artean aipatzekoak dira urruxa txapelduna, idisko txapelduna, Ukuilurik onena eta 'Aberekin' saria, hazitik sortutako produktu onenari eskaintzen den saria.

Lehiaketa honetaz gain, larunbatean Markinan ospatuko den Urriko Azoka Nagusiak hainbat ekintza antolatu ditu egun osorako. Haien artean, eta nobedade modura, Idiazabal gazta eta baserriko ogiaren kata eta lehiaketak izango dira eguerdiko 11.00etatik aurrera. Gerturatzen diren azokazaleek gainera, megafonia bidez epaimahaiaren azalpenak eta produktuak kontsumitzeko gomendioak entzuteko aukera izango dute. Une berean, Mikel Garaizabal adituaren eskutik kata herrikoi batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Aldi berean Uhagon kultur gunean elikadura tailerrak izango dira Leartibai garapen agentziaren eskutik. Ortu bertikalen tailerra eta pintxo tailerra egingo da bertakoko ekoizleen produktuekin.

13:00etan herri kirolak egongo dira Goiko Portalean, eta 14:30etik aurrera bertoko produktuekin osatutako bazkaria, Zelaian. Bazkalostean Iratxe Ibarra eta Jone Uria bertsolariak arituko dira kantuan.

Egunari amaiera berezia emateko frontoiaren eta liburutegiaren aurrean Sagar Lantegia kale animazioa egongo da Hutsun txalapartarekin 18.00etatik aurrera. Bi ordu geroago hasiko da EinGO taldearen eskutik eotorriko den kalejira. Eskualdekoek goizaldeko 2:00etan edukiko dute etxera itzultzeko Gababus zerbitzua.

Temas

Euskera