https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mariasun Landaren konbikzioak, liburu batean batuta

Mariasun Landaren konbikzioak, liburu batean batuta
Erein argitaletxea

'Txikiaren handitasuna literaturan' liburuan 21 testu eskaintzen ditu, bere garaian hitzaldi, ponentzia eta artikulu izandakoak

AMALIA IBARGUTXI

Mariasun Landa idazleak bere hitzaldi, artikulu eta saiakera labur batzuk bildu ditu liburu batean: 'Txikiaren handitasuna literaturan' (Erein argitaletxea). Gogoetagai nagusiak lau dira: feminismoa eta sexismoa, irakurketa literarioa, idazketa eta haur eta gazte literatura. Guztira 21 testu dira, aspaldikoena 1994koa, berriena iaz idatzitakoa. Testu bakoitzaren bukaeran Marga Otaegiren artelan baten argazkia dator, batzuetan margolana, beste batzuetan collagea edo bestelako teknikaren bat erabilita egindakoa.

Mariasun Landa (Errenteria, 1949) haur eta gazte literaturan espezializatutako idazlea da. 1982an publikatu zituen lehenbiziko liburuak, haur literaturakoak. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere izan da. «Ia 40 urte daramatzat idazten eta irakaskuntzan. Bi pedalei eraginda, idatzi eta irakatsi egin dut. Irakasletza ez da ogibide soil bat izan; asko gozatu dut, ikasleek asko eman didate», adierazi du liburuaren aurkezpenean.

«Horrelako liburuek ez dute zentzurik norberak ez badauka adin bat. Hau uzten dut, hau da nik eman dezakedana. Oro har, gustatuko litzaidake liburua irakasleengana eta liburuzainengana heltzea; alegia, liburu artean lan egiten dutenengana», gaineratu du.

Aurkezpen ekitaldian, bukaera emateko, bere idazle kuttunen zerrenda egin du. Hasteko, Charles Perrault, ahozko tradizioko ipuinak jaso eta idatzi zituena, hala nola 'Txano Gorritxo', 'Eder lotia' eta 'Erpurutxo'. «Ez ziren propio haurrentzat sortutako ipuinak, baina haurrek bere egin zituzten», esan du. Baita ere, Gianni Rodari. «Nire aitapontekoa izan da, 80ko hamarkadan deskubritu nuen haren 'Gramática de la fantasía', idatzi nahi duenari errekurtso asko ematen dion liburua». Eta Asun Balzola. «Oso inportantea nire bizitzan, adiskide izan nuen eta estetika bat eman zion nire idazkerari». Antoine de Saint-Exupéry eta 'Printze txikia'. «Gurasoei asko gustatzen zaie liburu hori, nahiz pertsona helduak goitik behera kritikatzen dituen. Oso liburu enigmatikoa da, existentzialista, ezkorra». Simone de Beuavoir eta 'Le deuxième sexe'. James Matthew Barrie eta 'Peter eta Wandy'. «Wandy, liburuan, ez zen hain neska pasiboa». Christine Nöstlinger eta 'Konrad'. «Hark errealismo kritikoa egiten omen zuen, eta liburu hori irakurrita konturatu nintzen ni neu ere horixe ari nintzela egiten». Eta Italo Calvino eta 'Sei proposamen milurte berrirako'.

Hauek dira liburuko testuetako batzuk: 'Zientzia eta literaturaren mugen arteko espazioak', 'Bigarren sexua', 'Autobiografiaz', 'Literatur tailerra ikasgelan', 'Nire bestiario pertsonala' eta 'Etiketarik gabeko literatura'.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos