Margo Lehiaketaren XXX. edizioa izango da urriaren 12an, Aramaion
Goizean aurkeztu beharko dira lanak, eta sariak arratsaldean banatuko dira
Paul Picado
Larunbata, 2 urria 2021, 20:54
Urriaren 12an Aramaioko Margo Lehiaketaren XXX. edizioa izango da. Parte hartu nahi duenak, hasteko, izena eman beharko du lehiaketan, 09.00etatik 11.00etara. Gero, margolana amaitutakoan, udaletxean bertan entregatu beharko du, 14.00ak baino lehen. Azkenik, 18.00etan, sari-banaketa izango da, baina leku kopurua mugatua izango da.
Lehiaketan edonork parte har dezake, eta estiloa, teknika eta gaia libreak izango dira, betiere herriko irudiak agertzen badira. Materialari dagokionez, edozein erabil daiteke, baina norberak behar duen materiala eramango du. Aire zabalean margotu beharko dute, Aramaion bertan, eta lehiaketaren egunean. Ez du balioko aurretik egindako ezein lanik.
Euskarria lehiaketaren egunean zigilatu beharko dute Aramaioko Udaletxean, 09.00etatik 11.00etara bitartean. Bestalde, lana, udaletxean ere aurkeztu beharko dute, esan bezala, 14.00ak arte.
Sariak banatzerakoan bi kategoria bereiziko dira. Aldetik batetik, 16 urtetik gorakoentzat, eta bestetik, 16 urte artekoentzat. Lehenengoen kasuan, lau sari banatuko dira. Lehen saria, 700 eurokoa; bigarren saria, 500 eurokoa; hirugarren saria, 400 eurokoa, eta laugarrena, lehen aramaioarrari banatutakoa, 150 eurokoa.
Bigarren kasuan, hiru sari banatuko dira. Lehen saria, 150 euroko balea izango da, pintura materiala erosteko; bigarren saria, 100 euroko balea, pintura materiala erosteko, eta hirugarrena, 50 euroko balea, pintura materiala erosteko. Sari guztiei PFEZen atxikipena kenduko zaie.
Aurkeztutako margolan guztiak ikusgai egongo dira urriaren 14tik 16ra bitartean Aramaioko udalean, eta hortik aurrera nork bere lanak jaso beharko ditu, urriaren 29ra arte. Ez badira jasotzen, Udalaren ondare bihurtuko dira, eta egileak ezingo du erreklamatu.