https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Makina Erremintaren Bienala aurkeztu dute Hannoverko EMO azokan

Bi persona, Makina Erremintaren Bienalaren iazko edizioan./Ignacio Pérez
Bi persona, Makina Erremintaren Bienalaren iazko edizioan. / Ignacio Pérez

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dute bienalak berrikuntza eta digitalizazioa izango dituela ardatz nagusi

EL CORREO

Maiatzaren 25etik 29ra bitartean Bilbao Exhibition Centre gunean egingo den Makina Erremintaren Bienala aurkeztu dute asteazken honetan Alemaniako Hannover hiriko EMO azokan. Bertan, Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dute bienalak berrikuntza eta digitalizazioa izango dituela ardatz nagusi.

BECen antolatuko den bienala da Europan makina erremintaren arloan egiten diren hiru azoka garrantzitsuenetako bat. Eta punta-puntako teknologien erakusleiho bihurtzeaz gain, sektore osoaren topaleku ere izaten da.

Makina erremintaren sektoreko enpresarik garrantzitsuenen ordezkaritza zabalaren aurrean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak eta Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak aurkeztu dute bienalaren hurrengo ekitaldia. Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusia ere ekitaldian izan dira.

Aurkezpenean, Euskadin manufaktura enpresek duten pisua -BPGren %24,2- eta «industria aurreratu baten» parte diren zerbitzuek duten garrantzia nabarmendu ditu Tapiak. Ildo horretan, Basque Industry 4.0 estrategia aipatu du, eta, duela hilabete batzuetatik, estrategia horri BRTA (Basque Research & Tecnology Alliance) itunaren gaitasun berritzailea batu zaiola, «industria sistemaren osotasunarekin modu estrategikoan elkarlanean jarduteko».

Gainera, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak ekonomiaren egoera global konplexuaz hitz egin du, eta adierazi du Euskadi lanean ari dela balio erantsia eskaintzeko eta nazioarte erreferente izateko, Basque Industry 4.0 estrategiaren bidez.