https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Maite Larburuk bere lehen diskoa aurkeztuko du ostegunean, Gasteizen

Maite Larburu, aurreko hilabetean egindako elkarrizketa batean./Juantxo Lusa
Maite Larburu, aurreko hilabetean egindako elkarrizketa batean. / Juantxo Lusa

Falerina tabernan aurkeztuko du 'Hezurren azpian' diskoa

PAUL PICADO

Maite Larburu musikari euskaldunak 'Hezurren azpian' izeneko bere lehen diskoa aurkeztuko du ostegunean, maiatzaren 30ean, Gasteizko Falerina tabernan. Musikaria Neighbor taldeko abeslaria izateagatik da ezaguna gure artean, eta oraingoan bakarrik arituko da bere lehen disko horretan. Kontzertua 19:30ean hasiko da.

Maite Larburu musikari hernaniarra da eta zazpi urterekin hasi zen biolina jotzen. Hala ere, horren aurretik abestu ere egiten zuen, eta gaur egun, biak tartekatzen ditu, Amsterdam eta Euskadi artean, izan ere, berez, Amsterdamen bizi da.

Europako antzinako musika-zirkuituan egiten du lan, biolin-jotzaile gisa. Horrela, besteak beste, Holland Baroque, B'Rock, Amsterdam Baroque Orchestra eta Anima Eterna taldeekin kontzertuak ematen ibiltzen da. Berak dioenez, zenbait taldetan lan egiten du, eta ematen dituzten kontzertu gehienak Europa erdialdean izaten dira. Dena den, ez da bere ogibide bakarra, izan ere, lehen aipatutako Neighbor taldean abestiak egiten ditu, eta orain bakarkako lanari ekin dio.

Neighbor taldea 2012. urtean sortu zuen Amsterdamen Josh Cheatham kontserbatorio-irakaslearekin batera. Musika estiloari dagokionez, folka eta pop-a erabiltzen ditu. Guztira, bi disko kaleratu ditu, lehenengoa, 'Ura patrikan' izenekoa, 2013. urtean, eta bigarrena, 'Hau' izenekoa, 2016. urtean.

Orain, Maite Larburu izenarekin kaleratu du 'Hezurren azpian' diskoa, baina Neighbor taldearen jarraipena da azken batean, musika estiloa oso antzekoa delako. Hala ere, bere diskoan biolina gehitu da, eta harekin batera, Carlos Taroncher, klarinete baxu-jotzailea, Aita Torres eta Beñat Iturrioz perkusio-jotzaileak ere aritzen dira.

Temas

Euskera