https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Maite duzun hori

Intelektual asko flamenkoaren kontra aritu ziren./Reuters
Intelektual asko flamenkoaren kontra aritu ziren. / Reuters
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Leopoldo Alas 'Clarin', Pío Baroja, Azorín eta José Ortega y Gasset, besteak beste, flamenkoaren kontra aritu ziren. Garai horretan, hainbat idazle atzerritarrek –Byronek, Merimeek, Gautierrek…– oso erretratu erromantiko eta erredukzionistak egin zituzten, eta 98ko Belaunaldiaren kide asko Espainiak esportatzen zuen irudiarekin kezkatuta zebiltzan, kontzeptuak okertuz, nik uste. Panderetarena, badakizue, eta hor barruan flamenkoa sartu zuten. Zorionez, genero musikal eder honek bere tokia berreskuratu zuen, bai eta giro intelektualetan ere. 2010. urtean, flamenkoa Gizadiaren Ondare izendatu zuen UNESCOk, eta, egun, hainbat unibertsitatetan flamenkologiaren katedra dago. Flamenkoa, jakinaren gainean gaude asko, ez da adierazpen folkloriko bat baizik eta artea. Rock-and-Roll, jazz edo bluesekin gertatzen den bezala, flamenkoaren eboluzioa geldiezina da.

Orain, inork eskatu ez duen defendatzaile bat egokitu diote flamenkoari: VOX alderdia. 98koek errefusatzen zuten Espainia hori aldarrikatu nahi dute –zezenak eta flamenkoa–, baina ez zaie natural gelditzen aldarrikapena. Aurreko astean, Andaluziako Gobernuaren negoziazioak zirela eta, VOXek dokumentu bat argitaratu zuen, eta dokumentu horretan flamenkoa «espresio folkloriko» bat zela adierazi zuen. Interes eskasa izan behar dute flamenkoan hori mantentzeko. Pandereta eskuan eta zarata atera: hori bai estrategia. Dokumentu horretan, txintik ez hezkuntzari buruz, ikerketa zientifikoari buruz edo berrikuntzari buruz, adibidez. Dokumentu horrekin flamenkoa gutxietsi dute, eta flamenkoak bazuen arazo anitz dagoeneko. Izan ere, genero libre bat izan da beti flamenkoa, eta mundu zabalean ezaguna. Momentu arraro hauetan, ez dugu behar turista literariorik herri baten kultura karikatura bihurtzeko. Defentsa bat baino, mespretxua dakarkiote flamenkoari folklorearekin lotu zutenak.

Zaindu maite duzun hori, abesten du Ruper Ordorikak; eta ez baduzu maite, erabili zeure onerako, pentsatzen dute batzuek, antza. «Señorito»en garaiak atzean gelditu dira, eta ez dira berriz itzuliko. Palmeroekin aski dugu.

Temas

Euskera