https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Goi mailako kirolariek maiatzara arte eska dezakete Basque Team beka

Goi mailako kirolariek maiatzara arte eska dezakete Basque Team beka

Antolatzaileen arabera, beka jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz

EL CORREO

Goi-mailako kirolarientzako Basque Team bekak eskatu nahi dutenek eskaerak aurkezteko epea izango dute maiatzaren 12ra arte. Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian daude argitaratuta eta oso-osorik kontsultatu eta deskarga daitezke hemen.

Goi-mailako euskal kirola sustatzea da beka hauen helburu nagusia eta laguntzak kirol ez-profesionalari zuzenduta daude nagusiki, kirol-modalitate olinpiko eta paralinpikoei. Aurten eskainiko diren Basque Team bekek laguntza ekonomikoak eta zerbitzu osagarriak eskaintzen dituzte (zerbitzu biomedikuak, kirol prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, coaching-a, goi mailako kirola uztean laneratze prozesuan emandako sostengua, irudi eta komunikazio zerbitzuak…). Gainera, kirolariez gain, derrigorrezko baldintzak betetzen dituzten teknikari espezializatuek ere eska ditzakete beka hauek.

Basque Teameko arduradunek nabarmendu dutenez, beka jasotzeak urte osoko kirol jardunari eusteko konpromisoa betetzea dakar, joko garbiari, dopinaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokei eta beste hainbat alderdiri dagozkien arauak aintzakotzat hartuz. Beka eskatzerakoan, beharrezkoa izango da nazioarteko azkenaldiko kirol emaitzarik garrantzitsuenak biltzen dituen kirol curriculuma aurkeztea, baita 2019. urte osorako plangintza ere, helburuak eta kirol-lehiaketen egutegia barne.

Beka emateko, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean nazioarteko kirol lehiaketetan (Europako eta Munduko txapelketetan), maila absolutuan lortutako emaitzak hartuko dira kontuan. Hauek dira aurkeztuko diren beka mota desberdinak.

1

'Basque Team Kirolariak' bekak:

Entrenatu eta lehiatzeko beharrezkoa eta lehentasunezkoa den dedikazioa bermatzeko laguntzak dira. Probaren arabera izan daitezke: Basque Team beka programa olinpikoa eta Basque Team beka programa paralinpikoa

2

'Basque Team Teknikariak' bekak:

Kirolariaren prestaketaz arduratzen den pertsona gorenari zuzendutako beka.

3

'Atzeraeraginezko Basque Team' bekak:

2018. urtean Basque Team beka baten onuradunak izan diren kirolariek edo teknikariek urte honetan oinarrietan eskatzen diren kirol merezimenduak edo emaitzak lortu ez badituzte, laguntza ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango dute. Bekaren %50 bermatua izango dute eta beste erdia Basque Teametik 2019. urterako ezarritako emaitza edo helburuak betez gero jasoko dute.

4

'Basque Team Support' bekak:

Kirolariek ezin badituzte 'Basque Team Kirolariak' bekak edo 'Atzeraeraginezko Basque Team' bekak eskuratu, 2018ko denboraldian programa olinpikoaren barruko Europako edota Munduko txapelketetako probetan parte hartu dutela egiazta badezakete, laguntza jakin bat jasotzeko aukera izan dezakete.

Temas

Euskera