Gazteak mintzo
Gazteen hizkuntza-errealitatea ulertu ahal izateko, lehenik eta behin, gazteen testuinguruan eta bizimoduan kokatu behar ginateke. Hasteko, talde edo gizarte-sektore bezala dituzten ezaugarriei erreparatu behar genieke, eta, ondoren, pertsona bezala dituzten ohiturei, harremanei eta pentsaerei.
Gaztetasuna kokapen sozial bat da, eta trantsizio-izaera duela esan genezake. Lan produktiborako prestaketa instituzionalizatu bat gauzatzen den bizitza-etapa bat da, baina, aldi berean, gazte-kultura lan-esparrutik kanpo kokatzen da. Hala, helduek gidatutako munduan, gazteek eragiteko ahalmen mugatua dute.
Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren eta Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, belaunaldi gazteenek erabiltzen dute euskara gehien. Adinean aurrera egin ahala, ordea, erabilera-tasak jaitsi egiten dira; hau da, helduen munduan erdara da nagusi. Gazteek helduen praktikak dituzte erreferente gisa, eta, beraz, pentsaezina litzateke gazteen arteko hizkuntza-errealitatea helduenarekiko guztiz desberdina izatea.
Azken ikerketen arabera, oro har, nerabeak eta gazteak mugitzen diren eremuetako euskararen egitura oso arina da, mehe-mehea. Egitura diogunean, hiru elementuri egin nahi diegu erreferentzia: euskarari buruzko ideiei edo pentsaerei, euskaraz blaitutako praktikei eta gazteen garaira eta errealitatera egokitutako proposamenei nahiz proiektuei.
Jone Miren Hernandezek eta Olatz Altunak 2020an argitaratutako 'Gazteak Euskararen Eszenatokian' txostenaren arabera, gazteek ez dute diskurtso sendorik euskararen aurrean. Gazte batzuen kasuan, gurasoak edo senideak euskalgintzan edo herrigintzan murgilduta badaude, erreferentzia gehiago eduki ditzakete; baina gehienentzat eskola izan da hizkuntzaren gaineko ideiak, irudiak, erreferenteak edo baloreak jasotzeko bide bakarra.
Dena den, badira euskara sustatzearen aldeko ekimenetan edo elkarteetan antolatuta dauden gazteak ere, hizkuntzaren auziari modu zuzenean edo zeharka heltzen dietenak eta, beraz, diskurtso propioak garatzen ari direnak (tokian tokiko gazte asanbladak edo eragileak, ikasle taldeak edota Gazte Euskaltzaleen Sarea kasu).
Azken hamarkadetan euskara esparru berrietara iritsi da, eta horietako askok presentzia handia dute gazteen bizitzan eta egunerokotasunean: esaterako, unibertsitateko irakaskuntza euskalduntzen joan da pixkanaka, eta literaturan eta musikan, adibidez, areagotu egin da euskarazko eskaintza, kontsumoa eta sorkuntza.
Halere, ikus-entzunezko eta bideo jokoen esparruetan, euskararen erabilera oso txikia da; eta azken boladan euskarazko hezkuntza aldarrikatzen ere ikusi ditugu gazteak (martxoaren 23ko mobilizazioetan Hego Euskal Herrian edo apirilaren 22an Iparraldean, esaterako).
Eskola da EAEko haur eta nerabe gehienen bizi-esperientziako gunerik euskaldunena. Eskolako erabilerak erraz gainditzen du eskolaz kanpoko ekintzetan egiten duten euskararen erabilera, auzoko edo herriko lagunekin kalean egiten dutena, familia girokoa, komunikabideen euskarazko kontsumoa…
Gazte identitatearen eraikuntzan, ordea, indar handiagoa dute aisialdiak, lagunarteak, harreman informalak eta mundu digitalak, besteak beste. Eta hor huts egiten du euskarak. Horregatik, beharrezkoa da gazteak eroso, gustora eta ondo pasatzen duten eremuetara hizkuntza hurbiltzea.
Izan ere, kontuan hartzekoa da egungo gazteen hiztun profila ez dela duela 30 urteko gazteen berdina. Egungo gazte gehienek eskolaren bidez eskuratu dute euskarazko gaitasuna, baina horietako askok ez dute euskaraz aritzeko erraztasunik (lagunartean, erregistro informaletan, hizkera bizian…), sarritan ez dutelako eskolatik kanpoko eremurik euskara praktikatzeko.
Hala, badira euskararekin lotura sendoa edo kontzientea duten hiztun gazteak, hizkuntzarekiko kezka eta ardura adierazten dutenak, alegia. Bestalde, badira euskara distantzia gehiagorekin bizi duten gazteak; honako hauek egoeraren eta unearen arabera «konektatzen» dute euskararekin (adibidez, ospakizunetan eta festetan parte hartuz). Halaber, euskara harreman eta une jakin batzuetan soilik erabiltzen duten gazteak ere badira. Arau sozial linguistikoak errespetatzen dituzten gazteak lirateke hauek. Azkenik, euskararen aurkako jarrerarik izango duen gazterik ere egongo da.
Hain justu, testuinguru batzuetan euskaraz ari dena «markatua» gelditzen deneko bizipena ere aipatzen dute gazteek, testuinguru zehatz horretan hizkuntza hori erabiltzeko ohitura ez dagoelako eta, beraz, euskarari eutsiz gero, solaskideak gaztea ezaugarri sozial edo politiko jakinekin lotzeko arriskua azaleratuko litzatekeelako. Ez zaie atsegina hori. Gatazkak edo talkak ekiditeko estrategiak erabiltzen dituzte gazteek, egoera deseroso horiek, askotan, ezagunekin edo lagunekin gertatzen direlako; kasu horietan, gaztelaniara aldaketa azkar egiten dute. Horrela, pentsa daiteke hizkuntza-egoerak kudeatzeko baliabide eta kultura mugatua dutela gazteek –helduek bezala, ziur aski-.
Horren guztiaren aurrean, hizkuntzaren erabileraz hitz egiteko espazioak behar dira, gune eta harreman orotan adosteko euskarak izango duen tokia. Horrela, epairik gabeko euskarazko erabilera eroso bat berma liteke.
Gai hauei buruzko ikerketa eta hausnarketa beharrezkoa dira, eta horretan jardun genuen apirilaren 25ean Euskal Soziolinguistika Jardunaldian, Hendaian. Gazteek hizkuntzekin lotuta dituzten bizipenak eta diskurtsoak ezagutu genituen; eta ikerlari, teknikari, erakunde-arduradun, irakasle eta ekintzaileok elkarrekin hausnartzeko parada izan genuen.
Horrekin batera, ordea, esku hartzeak ere garatu beharko lirateke, hiriguneetan eta euskaldunen sarea trinkotasun gutxikoa den inguruneetan, esaterako. Eusko Ikaskuntzak Bilbon martxan jarri duen 'Euskaragaz egizu match' programak horixe bilatzen du, hain zuzen; gazteen artean euskara sustatzea, esparru formaletan zein informaletan.
Horrelako espazioen sorkuntzarako edo, oro har, euskararen biziberritze-prozesua elikatzeko, garrantzitsua da, tokian toki, euskaltzaleen (gazteen nahiz helduen) sareak indartzea eta elkarrekin pentsatzea urratsak eta moduak. Horrek eskatzen du helduen mundutik gazte-praktikak eta -kultura behatzeko modua berrikustea. Askotan, goragoko kokapen sozial batetik begiratu ohi zaie gazteei, homogeneizatzeko eta epaitzeko joerekin. Garrantzitsua da posizio horrek dituen mugez eta alborapenez jabetzea eta hausnartzea eta, horiei aurre egiteko, gazteak ezagutza-subjektu eta jarduera-sortzaile gisa aitortzea. Komunitate aktibo bat behar-beharrezkoa da hizkuntza-errealitatean eragiteko.