https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Madrilgo Reina Sofía museoak hiru euskal artistaren lanak erosi ditu

Madrilgo Reina Sofía museoak hiru euskal artistaren lanak erosi ditu
AFP

June Crespo, Azucena Vieites eta Nestor Basterretxearen artelanak erosi ditu museo madrildarrak

EL CORREO

Reina Sofia arte garaikidearen museoak hiru euskal artistaren lanak erosi ditu, otsailaren 27tik martxoaren 3ra Espainiako hiriburuan egin zen ARCO arte azokaren testuinguruan. Hain zuzen, June Crespo, Azucena Vieites eta Nestor Basterretxearen artelanak erosi ditu museo madrildarrak.

Lehenbiziko aldia da Reina Sofia museoak June Cresporen lan bat erosten duela. 'Helmets' (2019) du izena artelanak, eta egungo arte garaikidearen adibide gisa eskuratu du museoak.

Halaber, 1990eko hamarkadan zabaldu zen lengoaia artistikoa publikoari helarazteko asmoz, Azucena Vieites hernaniarraren 'Juguemos a Prisioneras' (1993-1996) obra ere erosi du Reina Sofía museoak, queer feminismoa islatzen duten 36 marrazkiz egindako bilduma. Amaitzeko, XX. mendeko arte garaikidearen izen garrantzitsuen bilduma handitze aldera, Nestor Basterretxea bermeotarraren 'Composición de Grises' (1957) koadroa eskuratu du Madrilgo museoak.

ARCO Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokako antolakuntzak esan duenez, aurtengoa «azken hamarkadako azokarik onena» izan da. Arrakasta bera izan du euskal arteak Ifema azoka barrutian ere, eta Carreras Mugica bertan izan den euskal galeria bakarrak egunotan bizitakoaren balorazio baikorra egin du.

Orotara, hainbat euskal artista izan dira ARCOn aurten. June Crespo, Erlea Maneros Zabala, Jon Mikel Euba, Txomin Badiola, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa, Ángel Bados, Asier Mendizabal, Pello Irazu, Sergio Prego eta Raul Dominguezen lanak bildu ditu Carreras Mugica galeriak. Beste galeria batzuetan ere izan da euskal ordezkaritzarik: egun Madrilen dagoen Moises Perez de Albeniz galeria iruindarrak, adibidez, Itziar Okariz, Miren Doiz eta Ana Laura Alaezen lanak erakutsi ditu. Etxepare Euskal Institutuak, ARCOn ikusgai egon den euskal artearen sustapena egiten lagundu du beste behin.