https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Madrilera egingo du salto Zinebik

33 film laburren sorta zabala ikusgai izango da Espainiako Filmotekarekin lankidetzan, ostiral honetatik, hilak 7, datorren azaroaren 29ra arte

AMALIA IBARGUTXI

Azaroarekin batera helduko da Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia. Aurretik, ordea, giroa berotzen hasteko egitaraua prestatu dute. Jaialditik igaro diren 33 film laburren aukeraketa zabala ikusgai izango da Espainiako Filmotekarekin lankidetzan, ostiral honetatik, hilak 7, datorren azaroaren 29ra arte.

Emanaldi guztiak Madrilgo Doré Zinema Aretoan, Estatuko filmotekaren egoitzan, izango dira. Programatutako sei saioetatik lehena Vanesa Fernández Guerra Zinebiko zuzendariak aurkeztuko du ostiral honetan, 20:00etan. Filmotekak proposatuta sortu dute ekimena, eta Zinebiko zuzendaritzarekin koordinatu dute.

Ikusgai izango diren film laburrak entzute handikoak izan dira, eta sari ugari jasotakoak ere badira. Adibidez, jaialdiaren azken edizioko ikus-entzuleen saria irabazi zuen film laburra, Dane Komljen-en 'Phantasiesätze', eta euskal zinearen saria lortu zuen eta Atxurra Animazio Taldearen 'Areka' talde lana ere bai.

Filmen aukeraketaren barruan, Animazio Film Labur Onenaren Oscar sarietarako izendapena eta Zinebiko Sari Nagusia jaso zuen Max Porterren eta Ru Kuwahataren 'Negative Space' (Frantzia/AEB, 6 min) ere azpimarragarria da. Urriaren 16an izango da ikusgai.

Aurrerago, hilaren 26an, egitaraua Euskadiko eta estatuko film laburrei egongo da eskainita, eta bi euskal ekoizpen eskainiko dira: 'Areka' eta Koldo Almandozen 'Plágan'. Nazioarteko zinemaldietan sariak lortu dituzten lanen osagarri izango dira. Adibidez, sari ugari jaso dituen Julia Mauraren eta Mariangela Pulcinoren 'Galatée a l'infini' film laburra ere ikusi ahal izango dute.

Programa osatuko duten sortzaileen artean daude, besteak beste, Nele Wohlatz, Joao Salaviza, Ico Costa, Ghasideh Golmakani, Pia Borg, Ben Rivers eta Shunsaku Hayashi.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos