https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Madalenak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren ospakizun historiko eta tradizionala

Madalenak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren ospakizun historiko eta tradizionala
Maika Salguero

Urtero teila baten jaurtiketarekin Izaro uhartea Bermeorena dela gogorarazten da

UNAI SARRIUGARTE

Madalenak Bermeo eta Elantxobe artean uztailaren 22an urtero ospatzen den jai herrikoia da. Bermeoko arrantzale eta herritarrak arrain-ontzietan Izaro uhartera hurbildu ohi dira eta han teila bat botatzen du Bermeoko Alkateak «Honaino zabaltzen dira Bermeoko itxuginak» esanez. Horrela, urtero Izaro Bermeorena dela gogorarazten da. Izan ere, teila honek etxeari egiten dio erreferentzia. Teila askok teilatu bat osatu ohi dute eta teilatuak jabetza esan nahi du.

Teila bota eta ikurrina Izaro gainean jarri ondoren, jendea Elantxobera joaten da. Herritik gora igo eta ohorezko aurreskua dantzatzen da. Jaiak arratsalde erdira arte irauten du eta orduan lehenengo Mundakara eta gero Bermeoraino bueltatzen da jendea itsasontzietan. Bermeon jendetza izugarria biltzen da, eta animazioa ez da sekula falta izaten, musika eta hainbat ekitaldi antolatzen dira urtero.

Kondaira batek omen dioenez, Bermeo eta Mundaka Izaroren jabetzarengatik lehiatu omen ziren. Lehia hau regata txapelketa bat izan zen eta Elantxobeko herriak egin zuen lehiaketaren epaile lana. Irabazlea Izaro Uhartearekin geratu egingo zen. Txapelketa Bermeok irabazi zuela esan ohi da. Edonola ere, kondaira edota istorio hau gezur hutsa baino ez dela esaten dutenak ere badira. Aingeru Astui Bermeoko Arrantzalearen Museoko zuzendariak zioenez: «Istorio hau ziur aski arrantzalem koadrillaren batek asmatu eta hedatu egin zuen».

Izaroko Uhartean komentu bat egon omen zen XVI. mendean. Aita Henaok 1641. urtean idatzitako eskuizkribu batek María Magdalena egunean, urtero herritar eta arrantzaleek euren txalupetan uhartera joan-etorriak egiten zituztela esaten du. Bermeoko Udalak bermeotarrak uhartera egindako bisita egiaztatzera behartzen zituen. Henaok idatzitakoan bermeotarrak Izaron omen zegoen komentuan elizkizuna ospatu eta bertan jaten zutela esaten du. Juan Angel de Yradi margolaria 1844. urtean bisitaldi hauen inguruan ere mintzatu zen.

XIX. mendean ohitura hauetan aldaketa bat eman zen. Hasiera batean 'bordeada' deiturikoak uhartera joan-etorrian egiten ziren. XIX mendetik aurrera, berriz, soilik uhartetik bueltan egiten ziren. 1800. urtetik aurrera txalupa eta ontziak ardo eta loreekin omentzen zituzten.

Egun honetako bazkaria hasiera batean Izaroko komentuan egiten zen: bertan herritar, arrantzale eta fraideek bazkaria partekatzen zuten komentua bota zuten arte. Otordua Bermeok ordaintzen zuen. XIX mendearen amaieratik aurrera Bermeoko Udalak erabakitzen zuen bazkariaren kokalekua: batzuetan, Elantxoben eta bestetan, Sukarrietan ospatuz.