https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Macbeth, euskaraz eta Belakoren musikarekin, otsailaren 7an helduko da Arriagara

Belako taldeak jarriko du musika antzezlanean./Europa Press
Belako taldeak jarriko du musika antzezlanean. / Europa Press

Alex Gerediaga zuzendariak berak eta Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria, Na Gomes, Gabriel Ocina, Maria Urcelay, Leire Ucha, Sandra Fernández Aguirre, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri eta Pako Revueltas aktoreek taularatuko dute Shakespeareren tragedia klasikoa

AMALIA IBARGUTXI

William Shakespeareren obra ezagunenetarikoa da 'Macbeth', hainbatetan taularatu dena, askotariko herrialde eta formatuetan. Oraingoan, euskaraz eta Belakoren musikarekin taularatuko dute tragedia klasikoa, Alex Gerediagak zuzenduta. Otsailaren 7, 9, 10, 11 eta 12an ikusi ahalko da Arriaga antzokian.

Antzezlana eszenaratzearen harira, emanaldi horiek hasi baino ordu erdi lehenago, 'Macbeth' eta William Shakespeare mintzagai izango dituen solasaldia eskainiko du Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasteriok, Arriaga Antzokiko foyerrean. 20 minutu iraungo du.

Obraren aurkezpenean azaldutakoaren arabera, zuzendari bilbotarrak eta bere taldeak «tragedia azkar, aztoragarri eta odoltsu batekin» egin dute topo, jatorrizko testuan kontatzen denari leial izateko asmoz.

Belako taldeko Cris Lizarragak, Josu Ximun Billelabeitiak, Lander Zalakainek eta Lore Billelabeitiak «soinu euskarria emango diote antzezlanari hasieratik amaierara, une batzuetan lehen planoan, beste batzuetan atmosfera gisa, eta une oro elementu garrantzitsu moduan».

Antzezle taldea osatuko dute Alex Gerediagak berak eta Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria, Na Gomes, Gabriel Ocina, Maria Urcelay, Leire Ucha, Sandra Fernández Aguirre, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri eta Pako Revueltas aktoreek.

Horrela, Alex Gerediagak eta bere taldeak «tragedia zorabiagarri, kezkagarri eta odoltsu hori agertokira eramateko erronka» onartu dute, eta bertan kontatzen dena «zintzoki» errespetatzen saiatu dira, «kode eszenikoak eta zinematografikoak uztartuta». Shakespeareren obra «unibertso propio batera eraman eta taldearen narrazio eta estetika baliabideetara egokitzea gogotsu onartutako erantzukizuna eta arriskua izan da», jakinarazi dutenez.

Produkzioa gaztelaniaz ere izango da ikusgai, otsailaren 14tik 17ra bitartean.