Macaulay Culkin, berrogei urteko urrezko umea
'Home alone' filmeko protagonista izan zenak zazpigarren artean jarraitzen du murgilduta, nahiz eta Hollywooden zeukan indarra galdu
Urte dezente pasa dira mundu osoa etxean lehen aldiz bakarrik geratu zenetik. Ezinezkoa da egun ere, familia doan bakoitzean, burura oroitzapen horiek ez ekartzea. Bat-batean, denok hamar urteko gaztetxo ganberro haren eskutik, komediaz beteriko abenturazko pasarteak imajinatzen ditugu, hain zuzen, gerora bere bizitza nolakoa izango zenaren seinale. Gorabehera handiak biltzen ditu Macaulay Culkinen bizitzak, beti zazpigarren artearekin lotuta egon dena. Nahiz eta asteazken honetan berrogei urte bete dituen, askorentzat Hollywoodeko 90. hamarkadako urrezko haurra izaten jarraituko du. Betirako.
Hain zuzen, bere ibilbide profesionalari hasiera bat eman behar bazitzaiokeen, argi dagoelako 'Home alone' ('Solo en casa') filma hori izango litzatekeela, denon etxeetan aurrenekoz sartu zen momentua. Hamar urte baino ez zituen eta gainontzekoekin, pantailaren bitartez, bere abenturak partekatu zituen. Oso gaztea izan arren, esperientzia handia zekarren mundu honetan, aurretik 'The Midnight Hour' edo 'Uncle Buck' filmetan aritu zelako, lau urte baino ez zituela antzerkian beste pertsonaia baten azalean lehen aldiz jarri zen Manhattan-en (Estatu Batuak, 1980) hazitako aktorea.
'Home alone' filma proiekzio handia eman zion mundu honetan aurreneko urratsak ematen hasi zenean. Pelikularen bi zintetan protagonista nagusia izan zen, zeinetan 300 milioi dolar irabaztea lortu zuten zineman. Berak ere, hainbat sariren artean, Globo de Oro eskuratzeko izendatua izan zelako, aktore onenaren atalean. Gainera, lan horren ondorioz, Michael Jacksorekin harreman estua sortu zuen, biek jasan behar izan zuten familiaren presioa famaz beteriko haurtzaro batean.
Hurrengo urteetan ez zen geldirik egon, bere izena handitzen zihoan. 'Only the Lonely' (1991), 'My Girl' (1991), 'The Good Son' (1993), 'Cascanueces' (1993), 'Getting Even with Dad' (1994), 'The Pagemaster' eta 'Richie Rich' urte berean. Hamalau urte baino ez zituen azken filma hori grabatu zuenean, eta bere ibilbidean bat-batean seko geratu zen. Etenaldi bat egitea erabaki zuen. Ez zinemagatik, ez baitzegoen nekatuta, baizik eta bere gurasoengatik.
Espetxeratua drogengatik
Ezkondu gabeak, argitu nahi zuten zainketa eta ondasuna nork kontrolatuko zuen. Bi urte geroago, gerra hari amaiera eman zion Culkinek berak, dena amaren eskuetan utziz; beti esan izan du bere aitaren jarrera berarekin ez dela onena izan, diruan baino ez zuela pentsatzen. Estropezu hau berriro errepikatuko zen geroago, baina drogak eta justiziarekin lotuta.
Zinemara bueltatu zen mendea aldatzearekin batera. Eta aldi berean, ezagutu genuen pelikuletako izar honek justiziarekin izan zituen arazoak drogak zirela-eta. 2004. urtean atxilotu zuten 17,3 gramo marihuana gainean eramateagatik, beste droga batzuen artean. Menpekotasunean markatutako bizitza zeramala jakitera eman zen. Urrun geratu zen hamar urteko gaztetxo horren irudia, gero eta hondatuagoa zegoena. Dena den, ez zen oztopoa izan lanak egiten jarraitzeko, orain ere telebistan, nahiz eta Hollywoodetik urrunago egon. Dena den, bere izena betiko geratuko da lotutako hamar urteko urrezko haur horri.