https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Lumaz harro», egon behar dela aldarrikatuko du Zinegoak jaialdiak

Jaialdiak «genero-adierazpena» landuko du kartelaren bidez, «lumaz harro»./
Jaialdiak «genero-adierazpena» landuko du kartelaren bidez, «lumaz harro».

Bilboko LGTB zinemaren jaialdiak aurtengo edizioko kartela aurkeztu du. Cassandro el Exótico, borroka libre mexikarrean mundu mailako txapeldun izan dena ageri da bertan. Genero-adierazpen askatasuna kartelean agertzeaz gain, programazioan ere landuko dute

AMALIA IBARGUTXI

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 16. edizioa egingo du aurten. Antolakuntza taldeak abenduan adierazi zuen aurtengo edizioa «jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa» eginda etorriko dela jarduerei, lantaldeari eta jasotzen dituen babesei dagokienez. Jaialdia hazi egin da, eta helduaro horri helduta, harrotasuna izango da, hain zuzen, aurtengo edizioko ardatzetako bat. «Bakoitzak nahi duen modukoa izatea eta adieraztea» aldarrikatuko dute, «nahi duen moduan eta nahi duen lekuan». Jaialdiak «genero-adierazpena» landuko du kartelaren bidez, «lumaz harro».

Cassandro el Exótico borrokalari mexikarraren erretratu bat da karteleko irudiaren protagonista nagusia. Borroka libre mexikarrean mundu mailako txapelduna izan da hirutan, eta bere nortasuna naturaltasunez eta publikoki bizitzen eta erakusten aitzindarietakoa izan da. Kirol hain maskulinizatuan normaltasun eta harrotasunez bizi izate hori transmititu nahi dute irudiarekin, hain justu.

Horrela, Zinegoakek «luma izatearen harrotasuna» aldarrikatuko du otsailaren 18tik martxoaren 3ra, «bakoitzak eskubidea izan behar duelako bere generoa adierazteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustura sentituz». Cassandroren argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta 'New Yorker' hedabidearentzat egindako erreportaje batean agertu zen.

Karteletik programaziora

Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak nabarmendu du, «harrigarria» dela nola, «kolektiboaren barruan ere, batzuetan 'luma izatea' zeozer negatiboa bezala jasotzen den. Azkenaldian 'lumafobia' handitzen ari dela antzematen ari gara, bai kolektibo barruan eta baita gizartean ere». Sexu-aniztasuna gero eta onartuagoa dagoen arren, oraindik orain ematen dira eta jarrera desegokiak dibertsitatearekiko.

Zinegoak Elkarteak sexu-aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu-orientazioarekin batera. Orain dela bi urte jaialdian generoa landu zen Muxe baten irudiarekin, eta iaz orientazio sexual eta gorputzen aniztasuna aldarrikatu ziren. Aurten landuko den eremu nagusia genero-adierazpena izango da. Kartelean agertzeaz gain, programazioan ere azalduko da gai hau.

Adibidez, ikusgai izango da 'The man who surprised everyone' film errusiarra. Lan horretan protagonistak heterosexualak dira, eta konturatuko dira zer-nolako presioa jasotzen duten euren generoa ezarritako arauen baitan adierazten ez badute. Bordeleko Zinema Independientearen Jaialdiko Erasmus Plus saria jaso zuen filmak. Karteleko protagonistaren inguruko 'Cassandro el Exótico' dokumentala ikusteko aukera ere izango da.

Horrez gain, sail ofizialean ikusiko da Bertrand Mandico zuzendariaren 'Les garçons sauvages' lana, eta baita Xake Produkzioen 'Lur' umeentzako antzezlana ere. Genero-identitatea lantzen du azken pieza honek.

Temas

Euskera