Luis Gasca zendu da, Zinemaldiaren zuzendari ohia eta komikigintzan aditua
Zinemaldiaren zuzendaria zela, 1977an 'Star Wars' lehen filmaren estreinaldi europarra bultzatu zuen
Ander Retolaza
Asteartea, 6 uztaila 2021, 22:41
Komikigintzan eta zineman aditua zen Luis Gasca Zinemaldiaren zuzendari ohia Donostian zendu da astearte honetan 87 urte zituela. Hiriko zinema jaialdi ospetsua zuzendu zuen 1981 eta 1983 urteen bitartean. Komikigile eta bildumagile apartak Koldo Mitxelena Kulturuneari utzi zizkion bere komikien oinordetza, munduko bildumarik garrantzitsuenetako bat dena, eta harekin batera ikerketa-gune garrantzitsu bat sortu zen: Komikigunea.
Luis María Francisco Gasca Burgues 1933ko irailaren 17an jaio zen Donostian. Zaragozako Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak burutu zituen baina, haren bizitza profesionala osatzeko, hainbat kurtso egin zituen Publizitate, Turismo, Soziologia, Psicologia, Kazetaritza, Ekonomia eta Filosofia ikasketetan. Donostiako Turismo Eskolako irakasle eta dekanoa izan zen.
Gaztetatik jada, Gasca istorio grafikoen zale amorratua bilakatu zen eta 1967.urtean 'Cuto' kaleratu zuen, Espainia mailako lehen komiki arloko aldizkaria. Generoaren lehenengo teorialarietako bat izan zen ere garai konplexu batean, Antonio Lara eta Antonio Martin adituekin batera, zeren komikigintzak ez zuen adina onarpen helduentzako literaturatzat ikusia zedin. Hori dela eta, Nazioarteko Komiki Kritikoen idazkari nagusia izan zen.
70. hamarkadan 'Bang!' aldizkariarekin kolaboratzaile lanetan aritu zen, eta Buru Lan y Pala editorialak zuzendu zituen, non Estatu Batuetako literatura grafikoaren klasiko asko berreskuratu zituen. Era berean, hainbat kolaborazio ezberdin egin izan ditu haren lanbide profesionalean, bai eta hainbat ekitaldi famatuen zuzendari izan ere. 2012an, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean erakusketa bat egin zuen eta, 2019an, Sitgesek ohorezko sari bat eskaini zion bere ibilbide profesionala zela eta. 'Drakula' aldizkariaren arduraduna ere izan zen, eta Alberto Solsonak eta Esteban Marotok marraztutako 'Agar-Agar' telesailen gidoiak idatzi zituen.
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendari gisa 'Star Wars' sagaren lehen filmaren estreinaldi europarra bultzatu zuen 1977an, zientzia fikziozko film batek bere kategoriako lehiaketa batean parte hartzerik ez izatearen arau tazitua hautsiz.
'El erotismo en el cine', 'Chicos dura hombres canallas' edota 'Tebeo y cultura de masas' moduko lanak argitaratu zituen, bakarka, eta beste hainbat Romà Gubernekin batera: hala nola 'El discurso del cómic', 'Diccionario de onomatopeyas del cómic', 'Enciclopedia erótica del cómic' eta 'El universo fantástico del cómic'. Asier Mensuro historialariarekin ere kolaboratu zuen 'La pintura en el cómic' monografian.