https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Lucio Fontana. Atarian' erakusketa, Guggenheimen

Erakusketan izango diren lan batzuk./
Erakusketan izango diren lan batzuk.

Irailaren 29an amaituko den erakusketa honek ehun objektu inguruko hautaketa zainduak barne hartzen ditu: 1931 eta 1968 artean egindako eskulturak, zeramikak, pinturak, paper gaineko obrak eta giroak

EL CORREO

'Lucio Fontana. Atarian' erakusketaz gozatzeko aukera izango dute hurrengo hilabeteetan Guggenheim museora hurbiltzen diren pertsonek. Irailaren 29ra arte, XX. mendeko artean giltzarri izandako artista bati egindako hurbilpena eskainiko zaie. Izan ere, erakusketa honek ehun objektu inguruko hautaketa zainduak barne hartzen ditu: 1931 eta 1968 artean egindako eskulturak, zeramikak, pinturak, paper gaineko obrak eta giroak. Erakusketaren arduradunek diotenaren arabera, elementu horien bitartez, aukera dugu «gerraosteko sortzaile itzaltsuenetako baten laneko aldi funtsezkoenak ezagutzeko».

New Yorkeko Metropolitan Museum of Art-ek antolatu du erakusketa, Milango Fondazione Lucio Fontana eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta artistaren ibilbideko adibide bikainak aurkezten ditu, hainbat garaitako lanak esploratzearekin batera: eskulturako haren hastapenetatik, giroekin eta hainbat koloretako argi artifizialarekin egindako lan aurrendarietaraino.

Ikuspegi panoramiko eta konplexu bat baliatuz, Atarian erakusketak Fontanaren sailik ikonikoenen —Ebakidurak eta Jainkoaren azkena (Fine di Dio), esaterako— erradikaltasuna kokatzen du gaurkotasun eta inpaktu global handiko ibilbidearen testuinguruan.

Pintura, eskultura...

Baina zer eskainiko dio ikusleari erakusketa honek? Fontanaren 1930 eta 1940ko hamarkadetako obra goiztiarrek handiagotuz doan abstrakzioz betetako ibilbidea islatzen dute, zeina urte zail haiek markatu zituzten estetika-korronteen eraginpean egon baitzen. Era berean, artistaren hastapenetako lan haiek obra berantiarragoetan nagusitu ziren mihise zigortuen izaera urratzailea iradokitzen dute.

Erakusketak, gainera, Ebakidurak (Tagli) saileko adibide bikainak aurkezten ditu, bai eta horren aurreko artistaren Zuloak (Buchi) delakoen garapena ere. Hala, pintura, eskultura eta ekintza artistikoa batzen dituen eremu batean kokatzen du pieza horien erradikaltasuna.

Jarraitzeko, bere Giro espazialen (Ambienti spaziali) eta argi eta espazioarekin gauzatutako esperimentuen bitartez, neoizko hodiekin egindakoak barne, instalazio-artearen eta artelan inguratzailearen geroagoko garapenaren oinarriak ezarri zituen Fontanak.

Azkenik, Atarian erakusketak zeharkako ikuspegi osatu bat ezartzen du artistaren inguruan, XX. mendearen zati handi bat definitu zuten gatazka eta larritasunen eraginpean aritu baitzen hura: klasizismoaren berrazterketa abangoardien aldetik eta Europako mugimendu totalitarioei lotutako estetika, Mundu Gerra eta mugimendu artistikoen nazioarteko berrantolaketa gerraostean, eta teknologiaren gorakada «aro espaziala» deitu zen hartan.

Interesa baldin baduzu, ez ezazu pentsa eta anima zaitez erakusketa honetaz gozatzera.

Temas

Euskera