Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Estatu Batuetako pelikula askotan entzun daiteke 'galtzaile' hitza, batek besteari mesprezua adierazi nahian. 'Galtzaile' forma hori irain modura erabiltzeak nahikoa esanguratsua dirudi, zer motatako gizartea den aztertzeko orduan. Txikitatik entzuten dugu gezur galant hori: «parte hartzea da garrantzitsuena», baina egiazko orduan irabazleak -ABBAren abestian bezala- dena eskuratzen du.

Netflixen oihanean bilaka, 'Losers' izeneko telesaioarekin egin nuen topo. Atalez atal, lan honek, kirol ezberdinetan izandako 'galtzaile' ospetsuen ibilbideak erakusten dizkigu. Harrigarria da gero, zer motatako 'galtzaile' diren hauek: Estatu Batuetako txapelketa lortu ez zuen boxeolari bat -beraren estatuko irabazlea lau aldiz izan ondoren-; munduko lehiaketan bigarren postua 'besterik' lortu ez zuen Frantziako irristalari bat -Europako txapelduna izan ondoren- ... Benetako galtzaileak al dira hauek? Non jarri behar dugu helburua? Munduko lehenak bakarrik al dira benetako irabazleak? Egia esan, lehenago edo geroago, horiek ere askotan galtzaileak izan ohi dira: Mohamed Ali, Mike Tyson, Perico Fernández, Maradona, Lance Armstrong ... zerrenda amaigabea izango litzateke. Grabitate-indarrak berak erakusten digu: Gora doan guztia behera jausiko da. Gainera, zenbat eta gorago igo hainbat eta jauskera gogorragoa, jakina. Halako neurriak erabiliz gero, ondorioa garbi dago: gizaki gehienok galtzaileen artean gaude.

Horrelako galtzaileak dira Gotzon Hermosillaren pertsonaiak. Barakaldoko kazetari eta idazle honek «Gaur Galtzea Tokatzen Da -eta beste istorio batzuk-» liburua argitaratu berri du. Gotzonen unibertso literarioan gaua, taberna-zuloak eta dezibelioak uztartzen dira. Haren protagonistak 'galtzeko jaioak' dira, Johnny Thundersek esango lukeen modura. Euren zeregina, txabiske bateko barra zikin batean itxarotea da, askotan zeren zain dauden zehazki jakin gabe.

Arlo askotan da Gotzon idazle aparta euskal literaturan. Ezkerralde eta Bilboko kale ilunak aukeratzen ditu eszenario modura eta droga ilegalak tartean egoten dira.

Haren lehenengo liburua 'road movie', AEBtan zehar egindako bidaia baten kronika zen. Eta kronika horretan baziren rock and rolla, bidean ikusitako kontzertuak, leku mitikoak. Handik urte batzuetara, «Ramones, Familia Maitagarria» argitara eman zuen eta duela bi urte, Iñigo Basaguren eta Igor Mercadorekin, ipuin liburu kolektibo eta autogestionatu bat publikatu zuen, «Idoloak Akatu Genituenekoa» hain zuzen. Ipuin bakoitza punk edo hardcore abesti baten ingurukoa zen. Azkenean 'Elkar' argitaletxearen bitartez, esku artean dugu bere lehenengo ipuin-liburu hau.

Lan honen bigarren partean, Gotzonen galtzaileak garai eta egoera ezberdinetan agertzen zaizkigu: joan den mendearen hasieran aurki daitezke, mehatzetako lan gogorrak eginez edota Franco garaian, Erandioko enpresa batean eskirol gisa kontrataturik....

Gustuko ditu Hermosillak -baita nik ere- bukaera harrigarriak, ipuinak bortizki biribiltzen dituztenak eta askotan aho bete hortz uzten zaituztenak.

Liburuaren azalerako 'No Somos Nada', La Polla Records taldearen diskoan agertzen zen marrazkia erabili du, baina Unai Aranak argazki bihurturik.

Galtzera kondenaturik gaude denak, bai. Agian garaipen posible bakarra garaiz ohartzean datza.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios