https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eskola Proiektua: haur eta gazteak euskarazko kulturaren unibertsoan txertatzeko tresna

Iazko haurrekin egindako muntaia./Loraldia
Iazko haurrekin egindako muntaia. / Loraldia

Aurreko ikasturtean hasitako proiektuari jarraikiz, Loraldia Elkartea lau egitasmo ezberdin burutzen dabil ikastetxe ezberdinetan. Helburua, kulturaren transmisioa eta euskararen sustapena

JAN ECHEVARRÍA

Euskara sustatzea eta euskal kultura eta balioen hedapena ezinbesteko kontuak dira Loraldia Elkarterako. Gauzak horrela, haur eta gazteak euskarazko kulturaren unibertsoan txertatzeko helburuarekin, festibalak 2016an martxan jarritako Eskola proiektuari emango dio jarraipena eta, beraz, euskaraz garatutako kultura garaikidea transmititzeko eta ezagutzera emateko ibilbideari eutsiko dio aurten ere.

Antolatzaileek azpimarratzen dutenaren arabera, egitasmoak zenbait helburu zehatz ditu: euskal kultura garaikidea ezagutaraztea, kulturarekiko atxikimendua lantzea, euskararen erabilera sustatzea eta sormena suspertzea. Hori nahikoa ez balitz, haur eta gazteen artean baloreak lantzea du helburu baita ere eta horretarako kultur diziplina eta adierazpen mota ezberdinak ezagutzera ematea bilatzen du, ezagutza horren bitartez kultur-artekotasuna eta aniztasuna lantzeko.

Baina nolakoa izan zen Eskolaren lehenengo edizioa? Aurreko ikasturtean, bi ekimen bideratu ziren, biak pastoral sentikari bat sortzea zutela helburu. Bilboko Urretxindorra ikastola eta Deustuko ikastola publikoa izan ziren hori aurrera eramatearen arduradunak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako taldeetako ikasleek burutu zituzten proiektu horiek eta Deustuko ikastolak euskal mitologiaren inguruko pastorala sortu zuen bitartean, Urretxindorrak Eneko Aritzaren pertsonaiaren inguruko lana egin zuen.

Gernikako Bonbardaketa pastorala

Aurten, berriz, adin tarte eta ikasketa maila ezberdinetara zuzendutako lau proiektu ezberdin burutzen ari dira. Horrela, pasadan urteko bideari jarraiki, Gernikako San Fidel ikastolako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak Lore Jokoetan murgilduta dabiltza eta Gernikako Bonbardaketa pastorala sortzen ari dira.

Xabi Payak sortu du pastorala honen gidoia. Ikasturte hasieratik zenbait dinamika garatu ditu Eskolak ikastetxean eta, horrela, pastorala zer den eta nola sortzen den ikasi ondoren, propioa garatzen hasi dira. Sortze prozesu integrala bideratzen dute ikasleek eta beraien ardura da arlo guztiak lantzea, gidoiaren lanketa eta antzezpenetik hasita, jantzi eta eszenografiara, produkzioa etab.

Aldi berean, Lauro ikastolan, 7 kantu, 7 lur, 7 konexio proposamen kulturala martxan jarri zen udazkenean. 15 eta 16 urte bitarteko gazteek transmisio kulturalak duen garrantziaz hausnartu dute. Kantu eta dantzan aditua den Itsaso Arrietarekin lantzen ari diren ikuskizun horrek ikuslea horretaz hausnartzera, imaginario kolektiboan sakontze bat proposatuko du.

Sormen lana horma-irudi batean

Hortaz aparte, Loraldia Eskola beste bi proiektutan hasi zen lanean 2018. urte hasieran. Aldi batetik, Zornotzako Andra Mari Ikastolako 5 urteko haurrekin, Ttipia izeneko proiektuarekin dihardu. Okela Sormen Lantegiak egindako Check Point lanaren, eta, ondorioz, sortutako eta jardunean dabiltzan artista plastikoen zerrendari esker ezagututako lau artista plastiko eta beraiei dagozkien diziplinak ezagutaraztea lortuko da. Haurrek trukean, ilustrazio, argazkigintza, margolan eta eskultura diziplinetako artelanak sortuko dituzte.

Bestetik, laugarren ekimena, euskal kultura garaikidearen eta afrikar kultura garaikidearen arteko elkar eragitea helburu duen Munduko Loreak egitasmoa da. Hau Izurtzan bizi diren 20 bat gazte etorkinekin lanean eramango da aurrera. Euskal kultura orokorraren eta garaikidearen inguruko zertzeladak emango dira, oso modu ludikoan, eta beraien herrialdeetako kulturez hitz egingo da, adierazpen mota ezberdinak erabiliz.

Sormen lana euskal kultura eta beraien kulturen adierazpenak nahasten dituen horma-irudi batean gauzatuko da. Artista batek egikarituko du, beraien ideian oinarrituz. Gazteek murala margotuko dute eta, Izurtzako udalaren babes eta elkarlanez, horma irudi hau maiatza eta ekaina bitartean egingo da.

Erakusketak Azkuna Zentroan

Eskola proiektuak festibalean isla izatea merezi du, Loraldia Elkarterako estrategikoa eta beharrezkoa baita. Horregatik, festibalaren egitarauan egun bat eskaintzen zaio Loraldia Eskolari. Edizio honetan ostiralean izango da hitzordua, ikastetxe komunitate eta familiek parte hartzeko aukera erraztuz. Ostiralean Azkuna Zentroan bi ikuskizun egingo dira: alde batetik, Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleek Gernikako Bonbardaketa pastorala antzeztuko dute. Ondoren, Lauro Ikastolako gaztetxoen txanda izango da eta hauek kantuan 7 kantu, 7 lur, 7 konexio ikuskizuna eskainiko digute.Eta bitartean, Azkuna Zentroko erdigunean Ttipia ekimenean Zornotzako Andra Mari Ikastolako 5 urteko haurrek sortutako irudien erakusketa ikusgai egongo da. Erakusketa hau Zornotzako Zelaieta Zentroan izan da aurreko astetan, familien gozamenerako.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos