https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jon Lopategi 'Baltza' bertsolaria hil da

Jon Lopategi./Roberto Nistal
Jon Lopategi. / Roberto Nistal

Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta Bizkaikoan ere lau aldiz izan zen txapeldun

AMALIA IBARGUTXI

Muxikan (Bizkaia) jaio zen, 1934ko martxoaren 4an Jon Lopategi 'Baltza' bertsolaria, eta ostiral honetan jakin da hil egin dela, 84 urterekin. Bizkaiko bertsolaritzan nabarmendutakoa da, eta baita bertsolaritza-irakasle lanetan ere, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak bertsolaritza eskoletara zabaltzeko proiektuaren barruan, besteak beste.

Filosofia ikasketak egin zituen Tolosako Sakramentinoen apaizgaitegian, eta heldutasunean Magisteritza ere ikasi zuen. Frankoren diktadurako azken urteetan eta demokraziaren lehen urteetan egin zen ezagun bertsolaritzan. Ezagunak ziren Jon Azpillagarekin batera egindako saioak, kutsu politiko eta sozialeko mezuak izan ohi zituztenak. 'Bizkaitarrak' deitzen zieten.

Lopategi behin baino gehiagotan sartu zuten kartzelan garai hartan, bere bertso jarduna zela eta. 1989an, Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta 1982an eta 1986an txapeldunorde izan zen. Bizkaiko Txapelketa lau aldiz irabazi du (1962, 1964, 1966 eta 1987).

Bizkaiko Bertsozale Elkartean, urte askotan izan da Zuzendaritza Batzordeko kide. Ugariak dira bere heriotzaren berri izatean, lan hezitzaile hori eskertu duten lagunak.

1967an Donostiako Txapelketan egindako bertsoa

Momentu auek ez dira izaten

itxas barruan onenak,

ontzi (y) onetan segurutikan

laister dira ondamenak;

pasajeru ta gañontzekuak,

aditu nire ordenak:

onen kargua nik daukat eta

atera zaiteze denak.

Itxaso ori jarritzekuan

era oso biurrian,

desio gendun arkitutziya

guztiyok geure lurrian;

oraintxen nago gora begira

sekulako bildurrian,

bakar-bakarrik itxi bainaue

Jaungoikuaren aurrian.

Desgrazi ori azaldua da

gizon batentzat kaltera,

bestiyak denak salbatu dira

neronen borondatera;

baña ez nua itxasuari

ni agurrik esatera,

bere barruban amildu nai dot

neure ontziyakin batera.