Norbaitek gonbidatu zaitu literaturaren inguruko ekitaldi batera, eta baiezkoa eman duzu. Demagun udazkeneko ilunabar epel batean suertatu dela hitzordua. Bertaratzeko unean ikusten duzu kaleak jendez josiak daudela, autoz nahiz oinez etorriak. Pertsona ugari batetik bestera, askok eskuetan erosketa poltsak dituztela. Nor etorriko da literaturari buruzko hitzaldi honetara, galdetzen diozu zeure buruari kalean dagoen giroa ikusita?
Publicidad
Beste adibide bat. Eguerdia hurbil dago, maiatzaren bukaerako larunbat batean, eguraldiak, udaberri euritsuaren ondoren, uda oihukatzen duenean, Gipuzkoako kostako hiri batean. Uzten duzu autoa parkingean eta hitzordurako norabidean zoazela, jendea barra-barra hondartzara doala ikusten duzu, pozik, itxialdi luze baten irteera zabaldu zaiela ikusita. Antzeko galdera: nor etorriko da literaturaz euskaraz hitz egingo dutenei entzutera?
Bi kasuotan, erantzun bera: aretoa beterik. Mirari bat ala azaleratzen ez den errealitatea? Biak batera, seguruenik. Gizartea aztertzerakoan gutxitan aipatzen ditugu hitzaldi horietara doazen pertsonak. Esango dugu jendeak hondartza egarria duela edo erosteko grina edozeri gailentzen zaiola. Ez zaizkigu ahaztuko etxean telebistari begira daudenak edo futbol partida bat ikustera doazenak.
Zalantzarik gabe, literatura, gaur egun, gutxiri asko interesatzen zaion zerbait da, eta gehiengoari batere ez. Errealitate hori ez dago beti literaturaren munduan gabiltzanontzat, baina horrela da. Pertsonak, pertsona izateko, istorioak kontatu eta entzuteko premia du, pitin bat puztuz, esan daiteke horrek egiten gaituela pertsona. Baina aspaldian galdu zuen literaturak lehentasuna esparru horretan.
Egoera horren aurrean, niri gauza bakarra bururatzen zait: esker mila irakurleei eta milioi bat esker literaturari buruzko ekitaldietara hurbiltzen direnei.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión