https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Literatura euskaldunak merkatu txikia du, eta ulermen maila baxua

Marrazkian, gizon bat, liburu bat irakurtzen./
Marrazkian, gizon bat, liburu bat irakurtzen.

Elkar Fundazioak eta Siadeco Ikerketa Elkarteak herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin du: Merkatu «oso mugatua» da euskal liburugintzarena, eta euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia «erraztasunik eza da»

AMALIA IBARGUTXI

Durangoko Azokari erreparatuta, euskal literaturaren argazkiak garbia dirudi, positiboa, alaia, tamaina handi eta osasun oneko merkatuaren lekuko. Baina, azokatik harago, egunik arruntenean, zer irakurtzen da gehien Euskal Herrian? Zein hizkuntzatan kontsumitzen da? Nork kontsumitzen du musika gehien? Elkar Fundazioak eta Siadeco Ikerketa Elkarteak herritarrek liburuak eta musika kontsumitzeko dituzten ohiturei buruzko azterlan bat egin du 16 urtetik gorako 2,6 milioi biztanleri galdetuta. Zenbait ondorio argiak dira.

Guztira 2.500 inkesta egin dituzte, Euskal Herri osoan, eta ondorioztatu dute euskararen merkatua txikia dela: idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen merkatua 150.000 lagun ingurukoa da. Merkatu «oso mugatua» da euskal liburugintzarena, beraz. Irakurleen %26,6 dira euskaldunak. Erdaldun elebakarrak dira gainerakoak, biztanleen %73 inguru. Gehiago sakonduta, etxeko harreman hizkuntza deitzen zaion horri begiratuta, are txikiagoa da euskara darabiltenen ehunekoa (%10,3). %7,6k, euskara eta erdara darabilte, eta gehiengoak (%74,1) gaztelania du etxeko hizkuntza. Frantsesa darabiltenak %6,6 dira.

Liburu irakurleak dira hamar euskal herritarretik zazpi, baina herritarren %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak, horien erdiak ohikotasunez, beste erdiak noizbehinka. Kontuan izatekoa da lau euskal herritarretik bakarra dela euskalduna. Nolanahi ere, herritar elebidunak hartuta ere, haien artean ere gutxiengoa dira euskarazko liburuen irakurleak. Euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia «euskaraz irakurtzeko erraztasunik eza da. Agerian geratzen da euskaldun askoren hizkuntza maila mugatua dela, eta hori oztopo handia da euskararen erabilera handitzen joan dadin». Formatuari dagokionez, euskarazko irakurleen taldean, papera gailentzen da. Zazpitik batek baino ez du irakurtzen euskarri digitalean.

Gaur egun, oraindik, irakurle gehienek nahiago dituzte paperezko liburuak. Liburu digitala ez da nagusitu oraingoz. Papera eta digitala, biak batera biziko omen dira. Hedabideen kontsumoari dagokionez, orokorrean, eskasa da euskarazko egunkarien kontsumoa eta herritar euskaldunak soilik hartuta, joera parekoa da: hamarretik bik euskarazko prentsa irakurtzen dute, eta beste hainbestek ez du prentsarik batere kontsumitzen.

Telebistan, datu hobeak

Telebistaren kasuan positiboagoak dira datuak. Hamar herritarretik batek aipatu du euskarazko telebista kateren bat gehien ikusten dituen bien artean, eta euskaldunen artetik %42k ikusten dute euskarazko telebistaren bat. %48k ez dute euskarazkorik batere ikusten.

Espero bezala, sare sozialen erabilera asko aldatzen da adinaren arabera. Datuak esanguratsuak dira: 45etik gorakoetan, gehiago dira sare sozialak erabiltzeko ohiturarik ez dutenak; baina 16tik 25era artekoetan berriz, sare sozialen erabilera orokortua dago.

Musika kontsumoari dagokionez ere, adinarekiko duen harreman estua nabarmendu dute, eta formatu digitalean entzuten dela gehien. Gazteen artean handiagoa da musika kontsumoa, ia denek entzuten dutelarik «egunero edo ia egunero. Adinean gora joan ahala, txikiagoa da kontsumoa: 65 urtetik gorakoetan, %46k dute musika egunero entzuteko ohitura. Irratia da musika entzuteko darabilten bitarteko nagusia». Euskal Herriko biztanleen hamarretik bakarrak ez du musikarik entzuten.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos